- Bilboko Udalak familientzako hamar kultura eta aisialdi plan programatu ditu, datorren astelehenetik aurrera abiatuko direnak uriko barruti ezberdinetan. Ekitaldi guztietan maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da, esparru itxietan zein irekietan.

“Jarduerak #BilbaoUda2020 programaren barruan sartzen dira, hau da, Udalaren proposamen kulturalaren barruan. Proposamen horrek aisialdiko eta kulturako 150 jarduera baino gehiago eskaintzen ditu, eta, aldi berean, #BilbaoAurrera Udal Planean biltzen da. Beraz, plan hori auzotarren eta bisitarien gozamenerako pentsatuta dago eta covid-19ak gehien kaltetu dituen sektore profesionaletako arazoak arintzeko diseinatu da”, jakinarazi dute Udaletik.

Gauzak horrela, lehenengo ikuskizuna abuztuaren 10ean egingo da Deustuko Botika Zaharreko parkean. Natxo Monterok Giza lugorri izeneko erakustaldia eskainiko du bertan. Lan honek kale-mugimenduko pieza bat proposa-tzen du, Lurra itxaronaldi eta ziklo berri baterako igarobidearen metafora gisa planteatzen duena. Ekitaldia 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango da edukiera bete arte. Egun horretan ere, 12:00etatik aurrera Monda Lironda pailazoek euren ikuskizuna eskainiko dute Txurdinagako Europa Parkean. Kasu honetan, sarrera librea izango da ere, edukiera betetzen den arte.

Egun bat beranduago, abuztuaren 11n, Matikoko Uzturre plazan Yijaaa! erakustaldia egongo da ikusgai 19:30etatik aurrera, Goitibera konpainiaren eskutik. Gainera, goizeko 12:00etan Jule en la Pegola del Doña Casilda ikuskizuna aurkeztuko du Hortzumugak. Aurreko kasuetan bezala, sarrera librea izango da.

Asteazkenean, abuztuaren 12an, zuzeneko musika baliatuz, Intujai Teatrok zirku-dantza oinarri izango duen erakustaldi bat proposatuko du Basarrateko landan, euskal emakumearen irudi pertsonalak tradizioarekin, kulturarekin eta ingurunearekin duen harremana eskainiz. Egun horretan bertan, Ibaiondoko 5. barrutian Jose Luis Canal piano-jole, organo-jole, moldatzaile eta konpositoreak kontzertu bat eskainiko du 19:00etan. Azken honetara joateko sarrerak 5 eurotan daude salgai bilbaokultura.eus webgunean, eta kontzertuaren egunean bertan, sarrerak txartel-leihatilan eskuratu ahal izango dira.

19:30etan Arriaga Plazan Hortzmugak antolatutako beste ekitaldi bat egongo da, kasu honetan Jule izenekoa. Halaber, D’Albenizek bere magia ikuskizuna eramango du Iralako Kirikiño plazara, asteazkeneko 12:00etatik aurrera. Ordu berean, Intujai Teatro konpainiak bigarren erakustaldi bat eskainiko du, Aire Hemendik izenekoa. Azken hau euskal emakumearen clownetik eta tradiziotik abiatzen da, eta Basurtun egongo da ikusgai. Kasu hauetan ere, gehienetan bezala, sarrerak doakoak izango dira.

Asteko egitaraua ixteko, abuztuaren 14an, 19:00etatik aurrera Oreka TX-eko txalapartariek kontzertu bat egingo dute Bidebarrieta kulturgunean, Uxue Alberdi idazle eta bertsolariaren testuekin uztartuz. Sarrerek 5 euroko kostua izango dute, eta dagoeneko salgai daude bilbaokultura.eus online atarian. Kulturguneko txartel-lehiatilak ere irekiko dira emanaldiaren egunean bertan, 17:00etan.

Bilboko Udaletik adierazi dutenez, osasun protokoloak “zorrotz” bete behar dira ekitaldi guztietan, bertaratzen diren gizabanako guztien segurtasuna bermatu ahal izateko.

Momentuko egoeraren ondorioz, #BilbaoUda2020ren eskaintza formatu txikiko proposamenek osa-tzen dute, edukiera txikia dute eta publikoa eserita egon beharko da kasu guztietan. Horretaz gain, maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da ekitaldi guztietan.

Kultura plazara. Bilboko Udalak familientzako 10 kultura eta aisialdi plan programatu ditu datorren asterako. Ekitaldiak abuztuaren 10ean jarriko dira martxan eta guztietan maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, pertsona guztien segurtasuna bermatzeko.

Deustun. Aurreneko erakustaldia Deustuko Botika Zaharreko parkean izango da asteleheneko 19:30etatik aurrera. Bertan, Natxo Monterok ‘Giza lugorri’ izeneko erakustaldia eskainiko du, kale-mugimenduko pieza bat proposatzen duena, Lurra itxaronaldi eta ziklo berri baterako igarobidearen metafora gisa planteatuz.