Euskal idazleak

Eta lehen oroitzapena etorri zitzaidan gogora, aspaldikoa. 16 urte nituen Euskal idazleak gaur (Jakin, 1977) zure liburu ederra eskuratu nuenean. Ez da beste obrarik horrenbeste eta hainbestetan erabili dudanik eskuartean. Garai bateko kronika da, baina balio handikoa, batez ere ikuspegi zabal batekin eginda dagoelako. Sasoi hartan, mutiko batek ezagutu eta miretsi zitzakeen pertsonaien literatura-album moduko bat zen. Orduko literaturgintzaren protagonisten berri zekarren, testuz eta argazkiz. Miretsita utzi ninduen eta urtetako bidelagun izan dut. Aurreko garai hondatuekin zubi-lana egin zuten pertsonaiez beterik zegoen, abiatu berri zen belaunaldi berri baten hastapenetan.

Forua eta Euskaltzaindia

Hurrengo oroi-tzapenak zure jaioterriko Forura narama. 2007. urtea zen eta euskaltzain izateko hitzaldia irakurri zenuen zure parrokian. Oker ez banago Euskal Liburutegiaz egin zenuen jarduna. Liburuen inguruan jorratutako zure bizitzan, Liburutegi Nazionalak garrantzi berezia zuen zuretzat, eta gogoeta interesgarria eskaini zenigun. Harrezkero, elkarrekin izan garenetan ere, liburuak, liburugintza eta liburutegiak izan ditugu mintzagai, izan fisiko edo izan digital. Buru-belarri jardun duzu azken urteetan ere proiektu horren inguruko lanetan. Eta bitartean, urtez urte, urteroko liburugintzak utzitako uztaren berri eman diguzu, hutsik egin gabe.

Euskara eta euskaraz

Euskararen militante izan zara eta hor utzi dituzu jasoak, letraz eta moldez, euskarak historian zehar hartu dituen eraso eta aurkako diskurtsoen erasoak eta testigantzak. Gaztelaniaz gainera, norbaitek irakur nahi balitu! Baina bada beste konpromiso bat, hain agerikoa ez dena eta azterketa merezi duena. 2018an, Gipuzkoako Aldundiak Jakin taldeko kide izan zinetenoi eskainitako omenaldian (Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti, Pablo Agirrebaltzategi eta zu zeu) zeuk hitzez adierazi zenuen. Ideologia eta motorra. Behar den bezala aztertu eta ikertu gabe dago eta merezi luke azterketa, bertan mamitzen baitira euskararen inguruan eraiki zenituzten eta etengabe mantendu dituzuen gogoetak eta ideologiak. Askok uste baino eragin handiagoa izan dutelakoan nago.

Jakin, Egunkaria, Euskara Batua

Arantzazun ikusi zintudan azkenekoz, 2018an, Euskararen Batasunaren 50. urteurrena ospatzeko Euskaltzaindiak antolatutako biltzarrean. Zeuk eman zenion ahotsa euskarak bere historian izan duen erabakirik garrantzitsuenaren aldarriari.

Euskarak komunikazioaren aroan behar duen presentzia eta gaitasuna beti izan dituzu gogoan. Etengabeko konpromisoa erakutsi zenuen Anaitasunan, Jakinen, Euskaldunon Egunkarian,... Konpromiso horrek une gazi eta mingotsak biziarazi zizkizun gainera, adibidez, Egunkariaren itxiera bidegabe eta bortxazkoan. Eta itxiera hark indarkeriarik okerrenaren atzaparrak ezarri zituen zugan, inoiz gertatu behar izan ez zuen modurik salagarrienean.

Ez zaitut berriro ikusiko, Joan Mari. Ez dut berriro zure hitz gozorik entzungo, ezta zure gizonezko irudi segail eta atsegina begiz ikusiko. Baina gogoan dauzkatgorderik zuregandik ikasitakoak eta zure jokabidearen arrazoi ezkutuez galdezka jarraituko dut.

Besarkada handi bat, Joan Mari.

* Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua