Baginen

Hutsune nabarmen hartatik abiatu zen proiektua, duela jada hiru urte, marrazkilariak gogoratu duen bezala: "Orduan konturatu nintzen halako liburua falta zela gure kulturan. Euskal Herrian". Hala, Antsa Aragoikoa, Bizenta Mogel, Eulalia Abaitua edo Lourdes Iriondo izen ezagunen aldamenean, orain artean ezezagunak izan diren beste emakume eta kolektiboen historia ere berreskuratzen da lanean. "Gure asmoa denetariko emakumeak biltzea izan da", azaldu du Crespok, "nobleak zein langileak, hiltzaileak nahiz salbatzaileak, onak, gaiztoak, azkarrak, ero-haizeak jotakoak... Iraganean non izan ginen imajinatzeko aukerak zabaltzeko".

Eta iraganerako begirada hartatik, iruditeria kolektiboa "zimenduetatik aldatzea". "Iraganaz pentsatzean nahi gabe bezala gogora etortzen zaizkigun gertaera, monumentu edo protagonista horiek osatzen dute imajinarioa. Eta zer ote datorkigu gogora Euskal Herriko historiaz pentsatzen dugunean?" hausnartzen du idazleak liburuaren sarreran. "Akaso bataila batzuk? Izen bat edo beste? Gazteluak? Gizonak denak?". Jakin baitakigu historia irabazleek idazten dutela, "eta hauek gizonak izan dira". "Ez bakarrik gizonak, jakina, gizon txuri mendebaldarrak. Gainera normalean inork ez digu esaten errelato bakar bat baino gehiago egon daitekeenik eta, berez, historia azaltzeko modu asko izan daitezkeela". Gizakiek egindako iraganaren interpretazio proposamen bezala definitzen du historia Crespok, datuetatik, esperientziatik eta ideologiatik eraiki-tzen dena.

"Gure kulturan ahozko transmisioa oso garrantzizkoa izan da", gehitu du Ciordiak. "Beraz, emakumeen irudiak falta dira. Liburu honekin gertukoa izan zitekeen gauza bat sortu nahi genuen, gure imajinario propioa sortzeko. Emakumeen irudiak gero eta gehiago ikusten baldin baditugu gure kultura bisualaren parte osatuko dute, gure unibertso kulturalaren parte izango dira".

Ez hori bakarrik, etorkizunera begira sortuko den historia beste modura kontatzeko ere balio izango baitu. "Horrela, agian, berriro atzera begiratu eta Euskal Herriko historiaz hausnartzen dugunean, adibidez, Asteasuko kaleetan bertso-kantari aritzen ziren emakumeak etorriko zaizkigu gogora, edo lantegi batean greba gogor bat egin eta gero kazetariekin hitz egin zutenak, edo hilerri baten barruan agertu ziren emakumeen hezurrak; edo Zugarramurdiko emakume zahar hura, Logroñoko auzitegi aurrean hitz egiten; edo, batek daki, Gasteizko Aiztogile kalean izar-behategia zeukana, edo Tolosako kartzelatik ihes egin zuena, edo senarraren gorpuaren aurrean aienea errezitatu zuena".

Ez da erraza suertatu bilduma osatu duten emakumeak aukeratzea, egileek zehaztu dutenez. Izan ere, aunitzez gehiago dira izan zirenak. Hautaketa horretan, arlo guztiak ukituko zituen emakumeen zerrenda osatzea izan zen helburua, Crespok gogoratu duen bezala. "Inauste prozesua interesgarria izan zen, konponbide politak behartu zizkigulako. Adibidez, gerra-aurreko idazleen belaunaldiaren kasua: idazleak kendu beharrean, talde baten barruan aurkeztuz batu egin ditugu. Nik uste, bakarrik agertuta baino indar handiagoa eman diegu literatur belaunaldi baten parte gisa aurkeztuta eta aldarrikatuta".

Aldarrikapenetik ere asko du Baginen lanak, hain zuzen. Arlo eta garai ezberdinetako emakumeak ager-tzeaz gain, emakume ezezagunak ere erakutsi nahi izan dituzte egileek: "Liburu hau bada ere agerian egon ez den emakumearen errebindikazio saiakera bat", zehaztu du Ciordiak. "Emakumeak beti izan dira protagonista gure herrian". Alde horretatik, Txalapartak bikainki editatutako bildumako orrialdeetan murgilduta aurkituko du irakurleak, bertzeak bertze, Maria Antonia Katalinagaren istorioa, emakume talde batekin zebilela gizon baten erasoa jasan eta hau salatzera ausartu zena; edota Franziska Huarte inude artaxoarraren istorio hunkigarria, miseria gogorrean bizi izanagatik ere Maria Benita umezurtza bere kargu hartzea erabaki zuena; baita Juana Bautista Minerrena, bere senarra hiltzeagatik akusatua. Ezta hurbil sentitzen ditugun izenak: Lourdes Iriondo, Estitxu, Kontxu Odriozola.

Izen propioez harago, bertzalde, ez dira falta Euskal Herriko historiako garai desberdinetan bere arrastoa utzi duten emakumeen kolektiboak ere: lehenengo emakume bertsolariak, Hazparneko matxinatuak, Bilboko zigarrogileak, erraketistak, 1936ko gerra aurreko idazleen belaunaldia, andereñoak, erresistentzia sareak antolatu zituztenak... "Amankomunean duten gauza bat izan daiteke, orain dela gutxi arte ez direla elkarrekin harremanean jarrita aurkeztu izan. Bestalde, esango nuke bakoitzak bere historiarekin guztion historia azaltzen laguntzen digutela", dio Crespok.

Ikerketa prozesua luzea eta sakona izan da eta, eta bai historialariak bai ilustratzaileak beren bide propioak egin dituzte lan horretan. "Testu-sortze prozesuan", argitu du Crespok,"atal bakoitza liburu ezberdin bat balitz bezala lantzen saiatu naiz. Hala, esan liteke atal bakoitzak ikerkuntza prozesu ezberdin bat behar izan duela. Emakumeetako batzuk oso ezagunak ziren eta, egia esan, aurrez beste norbaitek egindako lanari heltzea nahikoa izan dut, beste ahots bat landuz, beharbada. Ohiko biografietako tonuetatik urrundu eta bestelako batzuk erabiltzen ahalegindu naiz".

"Errealitatearekiko fideltasuna" garrantzitsua izan da ilustratzailearentzat, bere aldetik. Hala, Ciordiaren prozesua emakume hauetako bakoitzaren munduarekiko murgiltze lan bat izan da: "Nire akuareletan ikus daitezkeen xehetasunekin pertsonaien mundua transmititzen saiatzen naiz. Musikari bat agertzen bada bere partituraren bat bilatzen dut ilustrazioan agertzeko, adibidez. Edo margolarien kasuan bere obrekin agerrarazten ditut". Ilustra-tzaile eta margolariaren akuarelak, collagearekin uztartuta maiz, pertsonaia hauen barne mundua modu erakargarrian aurkezten dizkiote irakurleari. "Ezin genuen liburu astun, aspergarri bat egin. Emakumeen lanak, sorkuntzak, bizipenak jendeari helarazi nahi ditugu. Eta horretarako irudiak oso garrantzizkoak dira. Kolore eta konposizioaren bidez sentimendu eta ezaugarriak islatzen dira, pertsonaien hurbiltasuna bila-tzeko asmoz".