BILBO. Ekainaren 25ean amaituko da 'Bertatik Bertara 2020' proiektuan parte hartzeko izena emateko epea. Bilboko eta Santanderreko udalek abiarazitako kultura-sektorerako laguntza-programa da.

Zehatz esateko, laguntzak eskatzeko epea ekainaren 1etik 25era bitartean izango da, eta interesa duten kultur eragileek proposamenak gaztelaniaz edo euskaraz bidali ahal izango dituzte info@santandercreativa.com helbidera. Eskaria egiteko eredu digitala www.santandercreativa.com webgunean dago. Bertan daude programaren oinarriak ere.

Lau proiektu hautatuko dira, eta bakoitzari 10.000 euroko aurrekontua esleituko zaio. Hiri bakoitzak lau ekimen horietako bina diruz lagundu eta garatuko ditu, eta, denak ere, hiri batean edo bestean gauzatuko dira, bakoitzaren kultur programazioari erantsita; bi hirietarako jarduerak proposatzen dituztenak lehenetsiko dira.

ENPRESAK, PROFESIONALAK EDO ELKARTEAK

Kultur proiektuak berritzaileak izan beharko dira, eta bi hirietako kultur agenteen -enpresen, profesionalen edo elkarteen- elkarren arteko lanaren emaitza. Ekimenek, gainera, berekin ekarri behar dute bi hirietako lan harremanak eta sareak sortzea eta eratzea eta hiriburu bietako kultur eskaintza aberastea.

2012an, Santanderko eta Bilboko udalek lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, elkarre-kin kultur ekimenak bultzatzeko. Akordio horren emaitza "Bertatik bertara" programa deritzona da, zeinaren bidez lau kultur proiektu garatuko baitira, hiri bateko edo besteko kultur edo sorkuntza sektoreko entitateek sustaturik.

"Poltsan" 40.000 euro jarri dute erdibana Bilboko Udalak -Kultura Sailaren bidez- eta Santanderreko Udalak -Santander Creativa (FSC) Fundazioaren bidez-.