- Urtero lez, maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Alabaina, covid-19ak eragindako krisiaren ondorioz, bestelako modu batean burutuko da aurten ospakizuna: Bizkaiko Foru Aldundiak erakusketa birtual bat antolatu du, lurraldeko museo bakoitzaren pieza enblematiko, esanguratsu eta garrantzitsuenetako batzuk biltzen dituena.

Gauzak horrela, hogeita hamar museok baino gehiagok euren objektuak eta piezak erakutsiko dituzte datorren astean museoeneguna.eus plataforma baliatuz. Gainera, erakusketa ez da soilik egongo ikusgai maiatzaren 18an, egun horretatik hilabete amaierara arte bisitatzeko aukera egongo baita.

Baina, zer da bisitari birtualak “museoan” topatu dezakeen hori? Bistariak piezen multzora sartzeko aukera izango du, baita lanei buruzko informazioa eskuratzeko aukera ere. Halaber, ikus-entzunezko zenbait baliabide eskura-tzeko aukera ere badago, modu horretan pieza zehatzago ezagutu ahal izateko.

Aldunditik prentsa ohar baten bidez jakinarazi dutenez, “aukera paregabea da lurraldeko museoetako altxorrak bisitatzeko, eta lan horien bidez gure historiaren, tradizioaren, ohituren, aisiaren, kulturaren, sinesmenen, ekonomiaren, artearen eta kirolaren alderdiak ezagu-tzeko”. Besteen artean, antzinako osagaiak biltzen ditu aurtengo erakusketak, eta gai askoren inguruko informazioa ematen dute: Bizkaiko lehen biztanleak, lanbideak, arrantza, errementaritza, meatzaritza, ontzioletako lana edota jarduera industrialagoak…

“Piezek gerraz eta bakeaz hitz egiten dute, landa-guneetako bizitzaz eta herribildu eta hirrietako bizitzaz. Athleticez, ardoaz eta animaliez. Eta jakina, euskarari buruz ere”, azaldu du Bizkaiko Foru Aldundiak, ekitaldiaren xehetasunak aurreratuz.