Bilbo - Pintura/eskultura, pop artea/minimalismoa... Erdibidean kokatzen da beti Richard Artschwageren lana, estilo eta arau guztiak apurtu zituen sortzailea. Bere burua sailkatzea gustoko ez zuen artista izan zen, eta anbiguetate hori argi hautematen da Guggenheim Museoak gaur irekiko duen erakusketan, zeinetan artista estatubatuarraren ia 70 obra bildu diren.

Artschwager (Washington D. C. 1923-New York, 2013) ebanista izan zen bere ibilbide profesionalaren hasieran, eta horrek bere etorkizun artistikoa markatu egin zuen guztiz. Hizkuntza propioa, berezia, garatu zuen, bere garaian sortutako etxeko material berrietatik abiatuta eta bere lanetan figurazioa eta abstrakzioa, eta gauza funtzionalak eta alferrikakoak konbinatzera eraman zuena; zurezko altzairuek ezinbesteko garrantzia izan dutelarik.

Modu horretan, tokiak, eguneroko bizitzako eszenak eta altzari arruntak irudikatzen zituen artistak, horretarako industriako materialak erabiliz. Eta zeintzuk ziren material horiek? Formika, celotexa, pintura akrilikoa... askotan, altzari eta eskulturaren arteko muga ia hautemanezina bihurtuz.

Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Museoko zuzendariak azaldu zuenez, atzo aurkeztutakoa, "erakusketa garrantzitsua da, ikuspegi zabala eskaintzen baitigu artistaren ibilbidean barrena; bere ibilbide artistikoaren ideia bat egiteko aukera ematen digu".

Izan ere, aurtengo bigarren erakusketa, 60ko hamarkadan abiatu eta XXI. mendeko lehenengo hamarkadara arte ondutako lanak biltzen ditu museo bilbotarrak. Hala, zurezko obrak, formikazko egiturak eta Celotex gaineko margolanak ikusi daitezke. Orotara, proiektuak ia 70 obra biltzen ditu, eta baita oso gutxitan erakutsi diren artxiboko material eta dokumentuen sorta zaindua ere.

Germano Celant komisarioak prestatu du proiektua, Manuel Cirauqui Guggenheim Museoko arte-arduradunarekin batera eta labirinto ireki bat balitz bezala antolatu da erakusketa. Guggenheim Museoak eta Mart-Museo d'Arte Moderna e Contemporanea di Trento e Rovereto Museoek antolatu dute, eta gaur ateak ireki ostean, maiatzaren 10era arte izango da zabalik erakusketa Bilboko Museoan.

Manuel Cirauquik azaldu zuenez, erakusketa honetan argi ikusten da artista estatubatuarraren pentsamolde "delirantea eta baita estrukturala ere".

Andy Warhol edo Robert Rauschenberg artisten garai berean bizi izan zen Artschwager, baina estilo ezberdinetan bizitzeko joerak, koherentzia eta inkoherentziaren artean, eta figuratibotik abstraktura igaro-tzearen ondorioz, bere garaian baztertuta izatea eragin zuen.

Anbibalentzia Atzo azaldu zutenez, artista estatubatuarraren obrak "etengabe jartzen ditu zalantzan itxura eta funtsa". Horrenbestez, anbibalentea zen artista bezala, eta hala minimalismoa edo pop artea bezalako "joeren dogmatismo ikonografikoari" aurre egitea lortu zuen. Guggenheim Museoaren arabera, artistak behin baino gehiagotan aipatu omen zuen: "Gauza arrunten eta artelanen gisa hautemanten ditugun gauzen arteko muga interesatzen zait batez ere". Hori baita Artschwagerren obraren ardatz nagusia.

Bere garaian, 60ko hamarkadan, artistak eskultoreak, pintoreak edota diseinatzaileak ziren bitartean, ez zen ulertzen artista batek lenguaia bat baino gehiago jorratzea, azaldu zuen Celantek. Horregatik, "bisionario" bezala definitu zuen Manuel Cirauqui komisarioak artista estatubatuarra, bere garairako oso aurrerakoia izan baitzen. "Hori gaur egun ikusten dugu", baina bere garaian ez zen ulertzen Artschwager bezalako artistak egotea.

Labirinto itxura Maiatzaren 10era arte Bilboko Museoan izango den Richard Artschwager izeneko erakusketa labirinto ireki itxurarekin eraiki dute eta berau hartzeko, Guggenheim Museoko areto bat eraldatu behar izan dute, eta horma berriak eraiki. Modu horretan, aretoko izkinek blp izeneko piezak, eta "izkinako obrak" hartu ahal izateko. Bere artelanen artean, berezienetakoak dira blp izenekoak, artistak 1968an egiten hasi zituena, banaka edo seriean, barnealde espezifikoan edota hirigune osoetan eta zilindro itxura dutenak. Hala, ia 70 obrak osatutako ibilbidea osatu dute artista estatubatuarraren 50 urteko bidea islatuz.