bilbo - Euskal kulturaren sorkuntza berrienak seigarrenez loratuko dira Bilbon. Martxoaren 10ean hasi eta 29a bitartean, Hamaika desira! lemapean Loraldia Festibala ospatuko da eta hogei egunetan zehar, disziplina artistiko guztietako lanak aurkeztuko dira.

Orotara, 29 emanaldi eta 120 sor- tzaile baino gehiago egongo dira hiriko hamabost gunetan. Helburuen artean, antolatzaileek azaldu zutenez, "euskal sortzaile eta sorkuntza nabarmentzea, publiko berrietara heltzea, eta memorian sakontzea izango dira, hala iturri zaharren erreferenteetatik abiatu eta proposamen berritzaileak plazaratzeko".

Aurten, "euskal kulturako zenbait erreferente izango ditu gogoan" jaialdiak. Horien artean, Sarrionandia, Agustin Xaho edota Iparragirre, musikaria jaio zenetik 200 urte igaro baitira. Eta bera izango da hain zuzen ere protagonista Loraldia irekiko duen emanaldian. Martxoaren 10ean, Joseba Martin kazetariak "euskal musikaren historia bat ekarriko du", bi menderen arteko bilakaera aztertuz. Hala, "Iparragirre eta Urdangarin kantautoreen arteko sokari tiraka, gure nortasuna azalaraziko du".

Horrez gain, hurrengo egunean, Arriaga antzokian musika eta an- tzerkia uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko dute: Iparragirre, Bihotzeko Jose Mari. Bertan Joli Pascualena, Ainara Ortega eta Ane Gabarainek, Fernando Bernuésen zuzendaritzapean, "musikariak ezagututako emakumeen ikuspegia eszenaratuko dute eskutitzen bidez". Loraldiak, Tanttaka eta Demode Quartetek elkarlanean sortutako ikuskizuna da.

Modu horretan, Imanol Agirre festibaleko zuzendari artistikoak Ane Pikaza aktorearekin batera atzo aurkeztutako emanaldien artean, nabarmentzekoa da ere Mikel Urdangarinek eskainiko duena. "Gitarra alde batera utzi, eta pianojole gisa aurkeztuko du bere burua" Arriagan. Alos Quartetek XX. urteurrena betetzen dituzte aurten, eta Xabi Zeberiok aurreratu zuenez, kontzertu berezia eskainiko dute. Hala, bi hamarkadetako ibilbidean lagun izan diren musikariak izango dira oholtza gainean. Horien artean, Aitor Etxebarria, Oskorriko kideak edota Amaia Elizaran dantzaria. Martxoaren 28an, Fermin Muguruzaren kantak moldatu eta soinu garaikideetara ekarriko dituzte Mad Muaser & La Tokokera Kumbia Power, Juantxo Arakama& Asmathic Band eta Nerea Erbiti, Ion Celestino & Eskola ergatiboak.

Era berean, Portugal eta Euskal Herriko zubiak eraikiko dituzte aurten. Pessoa eta Sarrionandia casa do Fadon izenpean, idazle bien hitzordu literarioa irudikatuko da Itsasmuseumen martxoaren 18an. Mikel Antzak testua sortu eta Diana Villarinho kantariak fadoak abestuko ditu.

"Ekosistema zirraragarria" osatzen dutenen artean, literaturari dagokionez, Miren Agur Meaberen poema berriak plazaratuko dira Bidebarrietan, Amorante musikariarekin eta Aitor Gametxoren ikus-entzunezkoek lagunduta; Harkaitz Cano eta Petti musikariak Manipulazio estrategiak ikuskizuna aurkeztuko dute Guggenheim Museoan, edota Xabier Montoiaren Anfetamiña poema liburutik Muga izeneko ikuskizuna aurkeztuko dute martxoaren 25ean.

Dantzak ere lekua izango du. Haatik dantza konpainiaren Errimak bi oinetan ikuskizuna, edota klakea, txalaparta eta pianoa uztartzen dituen Txak Txak ikuskizuna oholtzara eramango dute. Lurrun minez obra, "hiru mariken arteko drama", Mikel Chamizo aktorearen arabera, taularatuko da martxoaren 27an.

Zinemari dakogionez, bi film proiektatuko dira: Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa eta Josu Martinezek zuzendutako Anti. Biak martxoaren 24an izango dira Arte Ederren Museoan. Azkenik, iazko egiturari jarraiki, testu baten gainean inprobisatuko dute bertsolariek. Aurten, Garbiñe Ubedaren Zaharkitze programatua testua izango dute ardatz Alaia Martin eta Onintza Enbeitak, jaialdiari amaiera emanez.

Disziplina anitzak Hamaika desira! aurtengo leloa izatea ez da kasualitatea, izan ere atzo esan zutenez ani-tzak izango dira jorratuko diren disziplina artistikoak. Nobedade bezala, musika, literatura edota antzerkiaz haratago, gastronomiarekin erlazionatutako ikuskizunak edota rol joko bat plazaratuko du Loraldiaren edizio berriak. Lorea Bilbao Kultura diputatuak, Aitziber Atorrasastegi Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria eta Gonzalo Olabarria Bilboko Kultura zinegotziak lagunduta azaldu zuenaren arabera: "euskal sormenak mugarik ez duenaren seinale da" plazaratuko den uzta anitza.