BILBO. Bilera honek Institutu bakoitzak eta EUNIC sareak urtean zehar aurrera eramandako ekintzen berrikusketa egin eta itxiera emateko balioko du, eta Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko Kultura Sustatu eta Hedatzeko Zuzendariak hartuko du parte bertan Institutuaren ordezkari gisa. Halaber, 2020ko lan-agenda jorratuko da batzarrean, europar erakundeekin garatuko dituzten jarduera estrategikoak zehazteaz gain.

EUNIC Europar Batasuneko Kultur Institutu Nazionalen Sarea da, eta herrialde europarren artean maila kulturaleko elkarlana sustatzea du helburu. Etxepare Euskal Institutua haren parte da 2015. urteaz geroztik; estatu bat ordezkatzen ez duen lehen Institutua izan zen sarean sartzen, eta ordudanik euskal kultura eta sormenaren sektoreari nazioartean aukerak bilatzeko asmoz ari da lanean, beti ere Europako kultur diplomaziaren estrategiarekin bat eginez. Besteak beste, EUNIC sarean duen partaidetzaren bitartez, Bruselako Fete de la BD komiki azokan, Foire du livre liburu azokan eta Transpoesie poesia jaialdian eskuhartzea izan du Etxepare Euskal Institutuak aurten, euskal artistak eta euren lanak bertara eramanez.

Instituto Cervantes (Espainia), British Council (Erresuma Batua), Goethe Institut (Alemania), edota Alliance Française (Frantzia) bezalako Institutuek osatzen dute EUNIC sarea, besteak beste.