GASTEIZ - Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkun-tza Politikako sailburuak Euskadi Literatura Sarietako aurreneko hiru irabazleak eman zituen ezagutzera atzo Gasteizko Artium Museoan. “Sari hauen bitartez gure sortzaileen urteko lanik onenak aitortu eta omendu nahi ditugu. Bestetik, lan horiek ezagutarazi nahi ditugu: gure sortzailerik esanguratsuenak egiten duten lana agerikoagoa egin nahi dugu. Ikusgarriagoa egin nahi dugu, eta datozen egunotan eta hilabeteotan horren inguruan hitz egin dadin nahi dugu”, azaldu zuen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.

Haur eta gazte literaturako modalitatean Patxi Zubizarreta ordiziarrak jaso du saria, Ibaizabalekin argitaratutako Korri, Kuru, korri! lanarengatik. Obra honen oinarria Etiopiatik migratzen dabilen mutiko bat da, ostera topatuko duen neskatoarekin batera. Halaber, legez kontrako inmigrazioa jorra-tzen du liburuak eta Zarafa jirafaren benetako istorioan dago inspiratuta. “Istorio hunkigarri honek egitura narratibo aberatsa du, eta irakurketa ametsetan bezala igarotzen dela esan daiteke, erraz eta arin igaro ere”, esan zuten epaimahaitik. Halaber, Zubizarretak adin guztietako pertsonentzako idazten duela azaldu zuen, bere lanen oinarriaren abiapuntua horrekin zerikusirik ez duela bermatuz: “Egiatik idazten dut, azkurea eta gatza nahasiz, ez bakarrik gozoa erakusten”.

Euskarazko Literatura modalitatean Irati Elorrieta bilbotarra izan da garailea, Pamielarekin argitaratutako Neguko Argiak obrarengatik. Kasu honetan, pertsonaien arteko harremanetan murgiltzen da istorioa. “Kontakizun hau Marta eta Añes protagonistek Berlinen duten bizitza bere baitan hartzen duen maisutasunez eraikitako mosaikoa da”, aitortu zuen epaimahaiak. Berlinen bertan bizi da momentu honetan Elorrieta bera, eta sariarekin oso pozik dagoela aintzatetsi zuen. “Neguko argiak lagun, porrota eta erresistentzia osagai duten istorioak kontatzen ditu lanak”, azaldu zuen ere Elorrietak bere lanaren harira.

Literatura Lanaren Ilustrazioa modalitatean Asisko Urmeneta izan da irabazlea, Erroarekin argitaratutako AztiHitza: Xahoren biografikoa lanarengatik. “Komikiaren lengoaiaren mugekin jolasten duen proposamen arriskutsua da, eta aniztasun grafikoak eta planoen barietateak markatzen dute istorioaren erritmo animatua”, adierazi zuten epaimahaitik. Urmenetaren obrak Agosti Xaho XIX. mendeko kazetari, idazle, hizkun-tzalari eta politikari zuberotarraren bizitzan du abiapuntua. “Ezezagun handia da Agosti Xaho, diskurtso feminista ikaragarri batekin eta XIX. mendean planteamendu sozialak defendatzen zituena”, gogoratu zuen Urmenetak. Bi aste barru falta diren modaliteetako garaileak iragarriko dira -Literatura Gaztelaniaz, Saiakera Euskaraz, Saiakera Gaztelaniaz eta Euskarazko Literatura Itzulpe- na-. Beranduago, 46 egun barru, hots, datorren azaroaren 18an aurtengo Euskadi Literatura Sariak banatuko dira, Tabakaleran egingo den ekitaldi batean, eta egun horretan zazpi modaliteetako irabazleak bilduko dira. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.