BILBO. Saio nagusiei Andrea Motis tronpetista, saxofonista, kantari eta konposatzaile gazteak emango die hasiera. Azken urteotan etorkizun handiko artista dela erakutsi du musikari gazteak, eta aipatu beharra dago bakarka egindako lehendabiziko lanari esker kritikariak eta ikus-entzuleak harritzeko gauza izan zela. Bigarren jardunaldian, beste musikari gazte bat jardungo da agertoki nagusian, Julian Lage kaliforniarra, alegia. Gitarrista birtuosoa, sonoritate apartak sortzeko gai dela erakutsi du.

Jaialdiaren erdialdean, jazz munduan erreferentzia bihurtutako pianista ariko da Getxon, eskarmentu handiko Kenny Barron estatubatuarra, hain zuzen. Bebopeko estilista hau ohituta dago erritmo berriak esploratzen, swingean dituen sustrai sakonak inoiz ahaztu gabe. Uztailaren 6an, Madeleine Peyrouxen txanda izango da; musikari hau gaur egungo kantaririk arrakastatsuenetariko bat da, jazza bestelako genero klasikoekin uztartzeko gai, betiere folk, pop edo funkari lotutako iturri garaikideagoetatik edaten duten kanta gogoangarrietan.

Azken egunean, uztailak 7, Paquito D’Rivera bikaina etorriko da Getxora, jazz latindarreko maisu handia eta Irakere talde mitikoaren sortzaileetariko bat. Kasu honetan Getxora zazpikotearen formatuan iristen da, “Cariberian” biraren barruan musikari talde bikain batek lagunduta, eta jazz latindarraren eremura eramango du konpositore handien musika, hala nola Falla, Rodrigo eta Albénizena, baina Portugaleko fadista handiak ahaztu gabe.

Bestelako saioak

Programari gehitu behar zaizkio, gainera, Taldeen Lehiaketako finalera iritsi diren lau bandak, Europako jazz gaztearen lana gerturatuko dituztenak. Bestalde, Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuetan eskaintza anitza izango da eta baita proiektu gazteak ere. Aurten, gainera, kontzertua eta dantza-eskola izango da lehenengo aldiz jazzaldian (uztailaren 6an, Algortako Geltokia plazan, 12:00etan) eta Detectives Descalzos taldeak jam sessions-ak (Algortako The Piper's Irish Pub, 00:00etan) girotuko ditu. Aurten, gainera, bertoko Stereosonik elkartea eta Musika Eskolarekin batera antolatutako "Kristalezko kioskoa" (Muxikebarri, 12:00) ekimenaren saioa izango da; jaialdia dela eta, zikloak jazza hartuko du ardatza uztailaren 7an.