Euskadiko garrantzitsuenak

Miren Arenzanak, Sahatsa Jauregik eta Xabier Arakistainek irabazi dituzte Gure Artea sariak

Sari banaketa datorren irailean izango da, Gasteizko Artium museoan

09.02.2020 | 06:20
Gure Artea Sariak.

Sari banaketa datorren irailean izango da, Gasteizko Artium museoan

BILBO. Gure Artea sariak arte plastikoen eta ikusizkoen arloan Euskadin ematen diren garrantzitsuenak dira, eta emateko ekitaldia datorren irailean egingo da, Gasteizko Artium museoan.

Arenzana eta Jauregi epaimahaiaren erabakia iragartzeko ekitaldian izan dira, eta poza agertu dute saria lortzeagatik; Arakistain Euskaditik kanpo dago eta ezin izan da ekitaldira azaldu.

Epaimahaiko presidente Fernando Golvanok ere parte hartu du agerraldian, eta epaimahaiaren erabakia oinarritzeko zioak azaldu ditu. Golvanorekin batera, Beatriz Herraez, Gema Intxausti, Iñaki Gracenea eta Maite Martínez de Arenaza izan dira aurtengo  epaimahaikide. Joxean Muñoz Jaurlaritzako Kultura sailburuordea eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren museoko zuzendaria ere izan dira.

Zupiriak Gure Artea sarien garrantzia azpimarratu du, Euskadiko arte plastiko eta ikusizkoen arloan sortzaileek egiten duten lana aitortu eta ikusgarriago egiten baitute. "Euskal gizarteak, Eusko Jaurlaritzaren bitartez, arte plastiko eta ikusizkoen arloko artistei  egiten dien aitortza bat dira Gure Artea sariak. Saridunak epaimahai aditu batek erabakitzen baditu ere, Eusko Jaurlaritzak sustatzen du  aitortza hori, gizarte osoaren izenean. Beren lana aitortzeaz eta  babesteaz gain, sari hauek beren lana eta sorkuntza ikusgarriago egin nahi dute, jomugan jarri nahi dute gure sortzaileen lana", azaldu du.

Horrela, "Ibilbide artistikoaren aitortza" Gure Artea saria Miren Arenzana Letamendi artista bilbotarrak jaso du aurten. Gure Artea sarietako epaimahaiak bere erabakian adierazi duenez, Arenzanaren lana "erreferentzia garrantzitsua da ondoko belaunaldientzat". Halaber, bere sorkuntzan genero ikuspegia txertatzeko egin duen  apustua nabarmendu du.

"Hiru hamarkadaz lanean ibili ondoren, Miren Arenzana Letamendi  eskultoreak bere obretan beste esparru eta diziplina batzuetako erreferentziak erabiltzen ditu, adibidez, diseinua eta arkitektura. Laurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, bere produkzioa industriako materialen (plastikoak, gomak, metakrilatoak) eta eskulangintzako beste batzuen (bordatuak) inguruko ikerketa izateagatik definitzen da, baita eskulturaren praktika esanahi eta berrikuntza formaleko  beste esparru batzuetara zabaltzen duten objektuak birziklatzeagatik  ere", nabarmendu du.

Halaber, bere lanak azken urteetan bizi izan duen bilakaera azpimarratu du epaimahaiak: "Azken urteetan artistaren jarduera gero  eta soilago bihurtu da, gu mugitzen eta bizi garen espazioa definitzeko, espazio hori galeriarena edo etxeko espazio batena izan kontuan hartu gabe. Arkitekturarekin jokoak, argia eta kolorea modu askotara inbrikatzen dira bere azken proposamenetan".

Sorkuntza lana

Bestalde, "Sorkuntza lanaren aitortza" Gure Artea Sahatsa Jauregi  Azkaraterentzat izan da aurten, "eskulturari eta artxiboari loturiko lan bat garatzeagatik eta herri kulturaren forma ezberdinen analisi sakonean oinarritutako erreferentzia aukera itzela osatu duelako horretarako".

Era berean, epaimahaiak bere ekoizpen zabala nabarmendu du: "Baina etengabeko elkarlaneko saretan eragileak eta praktikak lotzen dituen  Euskal Herriko artearen kartografia batean Jauregiren jarduera  garrantzitsua bada ere, artista gisa produzitzen duena bere belaunaldiko azpimarragarrienetakoen artean kokatzen da. Azken urteetan eraiki duen formen eta irudien katalogo zabalak, hainbat  testuingurutan eta euskarritan erakutsia, berau inguratzen duena modu  berezi eta zehatz batean erregistratzen duen bildumagile artatsu bati  buruz hitz egiten du".

Era berean, bere ikuspegi artistikoaren berezitasuna goraipatu du: "Inguratzen gaituenari buruzko ezohiko begirada bat da berea. Bertan gustuaren konbentzioak analizatzen ditu herrikoitasuna eta kitsch aipatzen dituen iruditeria konplexu eta aberats bat eraikiz".

'Arakis'

Azkenik, Xabier Arakistain Ecenarro 'Arakis' saritu dute "Arte  plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lanaren aitortza" modalitatean. Erakusketa komisario gisara izan duen ibilbidea azpimarratu nahi izan du epaimahaiak, non "emakumezko eta gizonezko artistak berdintasunez tratatu eta arte ofizialaren historiografiaren  kanonak berraztertu baitituen".

Epaimahaiak ondoko erakusketak aipatu ditu, besteak beste, "Transexual Express" (Bilbaoarte, 1999), "Transexual Express" Rosa Martinezekin batera (Bartzelona, 2001), "Kiss Kiss Bang Bang" (Bilboko Arte Ederren museoa, 2007), "Guerrilla Girls" (Azkuna Zentroa, 2013), "Why Not Judy Chicago?" (Azkuna Zentroa, 2015) eta "Margaret Harrison. Sexu, klase eta indarkeriaren arteko harremanak" (Azkuna Zentroa 2017).

Bestalde, epaimahaiak nabarmendu du Arakistain Bilbaoarteko erakusketa programaren arduraduna izan zela 2001etik eta 2003ra eta Gasteizko Montehermoso Kulturuneko zuzendaria 2006tik 2011ra: "Montehermoson, kudeaketa eredu feminista zuen arte eta pentsamendu garaikideko kultur gune berritzaile bat sustatu zuen, emakumeen paritatea bermatuz programa guztietan".

Azkenik, hitzaldi ugari eman dituela azpimarratu du, hala nola  Londresko Tate Modern, Royal College of Art eta UCL-n; Parisko EHESSen; Vienako MAKen; Berlingo 8. Bienalean; New Yorkeko Brooklyn Museum eta New Museum eta Boston College-n; Mexiko Hiriko MUACenM Costa Ricako Unibertsitatean; Txileko Santiagoko Arte Ederren museoan edota Madrilgo MNCARSen.