BIZKAIERATIK batura, dakigunetik ez dakigunera? lelo anitz izan ditu Labayru Fundazioak sorreratik, eta anitzak izan dira euskarari egindako ekarpenak ere. Baina, noiz landatu zen lehenengo hazia? Diktadura bukatu eta gutxira, orain dela 50 urte, Derion egoitza zuen udako euskara ikastaroa sortu zen lehenbiziz, euskarak arlo akademikoan presentzia hutsa zuen une batean.

Orain, mende erdia igarota, udako ikastaro horien urteurren berezia ospatzeko ekitaldia antolatuko du Labayru Fundazioak, bihar Derioko jatetxean bertan, urte hauetan zehar igarotako ikasle eta irakasleak bilduko direlarik, ibilbide eta parte hartzaile guztiak omendu, eta etorkizunera begiratzen hasteko asmoz.

“Hutsune eta beharrizan bat zegoen gizartean, eta hori betetzeko sortu zen Derioko uda ikastaroa”, Igone Etxebarria Labayru Fundazioko zuzendariordearen esanetan. Izan ere, 70ko hamarkadan, jende asko euskalduna bazen ere, eta baita goi mailako ikasketaduna; “haien ama hizkuntzan analfabetoak ziren, eta hala sentitzen ziren”, Etxebarriak adierazten duenez. “Euskaldunei irakurtzen eta idazten irakasteko sortu zen, beraz, Derioko ikastaroa”.

Testuinguruak ere berebiziko garrantzia izan zuen ikastaroaren sorreran; izan ere “ilusio denbora” zen 70eko hamarkadarena, diktadura bukatu berria, lehenengo ikastola mugimenduak sortzen hasi ziren, folklore eta dantza taldeak? Gainera, elizbarrutiari dagokionez, Vatikanoko II. Kontzilioa eraman zen aurrera, zeinaren arabera, “pastoral lana egitea lekuan lekuko hizkuntzan egin behar zen”. Hortaz, zuzendariordeak azaltzen duenez, “momentura arte latinez egin zena, euskaraz egin behar zen, beraz, euskaraz prestatzeko premia sortu zen abade eta eliz pertsonen artean”. Horien artean, arduradun garrantzitsuak aipatzen ditu Etxebarriak, haien ekarpen garrantzitsuen harira: Ander Manterola, Karmelo Etxenagusia eta Mikel Zarate.

Horrenbestez, lehenengo ikasleak elizbarrutikoak ziren arren, laster herritarren “abalantza izugarria” sortu zen, denek nahi zuten eta euskaraz ikasi. Hala, esponentzialki hazten hasi zen Derioko internatua, eta materialak eta metodologia berriak sor-tzen hasi ziren. Gainera, berritzaileak izan ziren Labayruko lantaldea osa-tzen zutenak, izan ere, garai horretan modan ez zegoena txertatu zen: literatura hizkuntza ikasteko erabiltzea. Hizkuntza da eta literaturan, testuen erabileran, erabiltzen dena. Horregatik, Etxebarriaren esanetan, “literatura erabiltzen zen euskararen erabilera aztertzeko, ez gramatika soilik”.

Hala, Derioko herri txikian hasi zen ekimena, laster Bizkaia osotik zabaldu zen, azkenean 16-18 herritara zabaldu zelarik, 80ko hamarkada hasita zela. Horrez gain, udako ikastaroak ez ezik, kurtsoan zehar ere klaseak eskaintzen hasi ziren, modu horretan “ikasturtean zehar mailaren bat pasa, eta udan beste bat egiteko aukera izateko”. Etxebarriaren hitzetan: “Ikastaroa oso trinkoa eta gogorra bazen ere, asko gozatzen genuen bertan”; euskara hutsez hitz egiteko gunea baitzen bertakoa, hortik kanpo aukerarik ez zegoen garai batean. Eta lorpen nagusia? “Euskararekin maitemindu egin da hemendik pasa den jendea. Guztiek bat egiten zuten hizkuntzagaz eta kulturagaz”.

Hala, apurka-apurka ikastolak sor-tzen hasi ziren, eta ikasleen premiak jadanik ez ziren berdinak, euskaraz alfabetatutako gizarte batean, zein izango zen Labayruren eginbeharra? Bada, gizartearekin batera eboluzionatzen joatea, eta beste motatako profil bateko ikasleetan zentratzea. Gainera, aipatzeko da ere, Derioko ikastaroa sortu eta gutxira, 1977an, Labayru Fundazioa izena hartu zuela, ordurako etnografiako ikerketak egiten hasia zen taldetxo bat; eta biak batuz eman zitzaion fundazio forma, egitasmo horri “aterpea emateko”. Helburuak sorrerakoak eta oraingoak berberak dira zuzendariordearen hi- tzetan: euskal hizkuntza eta kultura batu, gorde eta gizarteratzea.

Bizkaierari eta euskarari egindako ekarpenak anitzak izan dira, izan ere hara joandako ikasleek bizkaieratik abiatu eta batura heldu ez ezik, kultura arloan ezinbesteko garrantzia izan du Fundazioak sorreratik. Horien artean, literatur eta kantak biltzea, etnografia ikerketak egitea... Zuzendariordeak adierazten duenez, “dakigunetik abiatzen gara eta dakigun euskara bizkaiera da, eta horregatik hori landu dugu, horri ere duintasuna emateko”. Hala, idatzirako formatuan landu eta erregistro idatzi landua zein den adierazteko hiztegia egin dute, lexikografia eta gramatika landu, bizkaiko ondarea batu, herri kantak, ipuinak.. errekuperatu dituzte bizkaiko idazle klasiko eta berrien idazlanak eta literatur lanak. Eta hori leku berera doa: “Hizkuntza eta gure kulturaren esparrura, baina beti ere batasunerako aportazio berera, jakinda euskara bakarra dela”.

ospakizuna Bihar egingo den ospakizunean, ibilbide luzean zehar egindako ekarpenak balioan jartzea izango da helburua. Hala, Derion bertan egingo den bazkarian, irakasle eta ikasleek hartuko dute parte, eta urrian, gizarteari bideratutako beste bat izango da. Hala, zuzendariordearen esanetan, atzera begirakoa egingo dute, haien buruari galdetuz: Zer ekarpen egin du ikastaro honek euskalgintzara? Itzela da Etxebarriren arabera: Euskaldunen alfabeta-tzea, bizkaieratik batura zubi lana egiten, gizarteko arlo askotan dagoen jendea euskaldundu, material didaktikoen sorkuntza... eta hori da hain zuzen ere gaur, Labayru Fundazioa osatzen duten ardatzak. Baina orain etorkizunera begiratzeko garaia dela dio. Eta zein da erronka? Euskararen erabilera. Zuzendariaren esanetan: “Sorreran gazteek idazten ikastea bazen, ahozkoa jakinda; orain kontrakoa gertatzen da”, euskaraz idazten dakiten arren, “ahozkorako makulu gehiago behar dira”, eta baita erabilera sustatzea . Beraz, “guk horreri aurre egiteko bideak asmatu beharko ditugu”, dio zuzendariordeak, etorkizuneko aldaketei ateak zabalduz.