Bilbo - Euskara, literatura eta kultura. Hirurek bat egin zuten atzo Arriaga antzokian, urtero Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Irakurraldi jarraituan. Hala, Otto Pette obra irakurri zuten ehunka ahotsek Bilbon, Anjel Lertxundiren nobelak 25 urte betetzen dituenean.

Bilbo Zaharra euskaltegiak hamabigarren aldiz ospatu zuen Irakurraldi jarraitua, modu horretan, 8.00retan hasi eta arratsaldeko 19.00ak arte, idazle oriotarraren nobela hamabi orduz irakurriz. Guztira, 400 lagun baino gehiago izan ziren Arriaga antzokian txandaka, horien artean, Juan Mari Aburto alkatea, Koldo Narbaiza edo Nekane Alonso zinegotziak, eta baita euskaltegiko irakasle eta ikasleak, beste askoren artean. Gainera, urtero bezala Arriaga antzokiko kanpoaldean pantaila erraldoi bat kokatu zen eta Eitb.eus-en irakurraldi osoa transmititu zen, entzule guztiek zuzenean jarraitu ahal izateko.

Euskara eta euskal literatura sustatzeko ekimena da Irakurraldi jarraitua Aburtok azaldu zuenez, izan ere ,“Bilbon euskararen presen- tzia protagonista izatea nahi dugu. Beti esaten dugu Bilbok euskara behar duela eta euskarak, Bilbo; eta hori da hain zuzen ere ekitaldi honek azpimarratzen duena”.

Gainera, nobelak 25 urte betetzen dituenean heldu da omenaldi hau, ekitaldiaren aurkezpenean Otto Pette aukeratzeko“aitzakia” gisa definitu zutena, izan ere euskal literaturarako obra garrantzitsuenetako bat da Anjel Lertxundirena. 2018an argitaratutako bertsio berritua izan da atzo irakurri zutena, Alberdania argitaletxeak kaleratutakoa. Idazleak adierazi zuenez, “satisfakzio handia da nire obra Irakurraldi jarraituaren protagonista izatea, izan ere, irakurleek ekarri dute liburua hona”. Lertxundiren arabera gaur egun liburugintzaren egoera “nahiko kaxkarra da”, eta nobela, “gero eta produktu efimeroagoa”, horregatik, harro sentitzekoa da 25 urteko ibilbidea izatea idazle oriotarraren esanetan.

Anjel Lertxundik berak 8.00retan hasi zuen Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako irakurraldia goizeko 8.00retan, eta haren ondoren, hainbat lagunek hartu zuten parte. Horien artean, dozenaka ikaslek, izan ere, haien eguna ospatzeko ekitaldia zen atzokoa, “ikasleak omentzea eta klasikoak ezagutzera ematea” baita egun honen helburua. Horregatik, Lertxundiren obra handia bozgoran irakurtzea izan zen ikasleen eginkizun nagusia, Bilbo eta mundu osoko punta guztietatik entzuteko.

Mundu osotik etorriak Lertxundiren nobela Arriaga antzokian irakurri zen arren, mundu osoko ahotsak entzun ahal izan ziren atzo Bilboko antzokian, izan ere tarteka, Erroman, Leipzigen, Valentzian, Txilen, Bogotan, Berlinen,Mexikon eta munduko beste zenbait Euskal Etxetan grabatutako irakurketaren pasarteak proiektatu ziren Arriagan. Gainera, Irakurraldi jarraitua 19.00etan amaitu zen arren, horren ostean, Arriaga plazan, erromeria bat egin zuten, Gaztedi dantza taldearen eskutik.