BILBO. Getxoartek antolatzen dituen ekimenak zuzenduko ditu komisario talde berriak aurrerantzean. Lana hau egiten zuen Eduardo Hurtadok azken bost urteetan. Aldaketa honi esker, "ikuspegi eta ahots anitz" izango ditu Getxoartek, arduradunek jakinarazi dutenez. Pasa den urtean bezala, ikusgai izango da abenduaren 13tik 15era Romo Kultur Etxean.

Horrela, Getxoko Kultur Etxetik jakinarazi dutenez, Julia Morandeira eta Isabel de Naveran ikertzaile getxoztarrak programa eszenikoaz arduratuko dira, publikoari proiektu garaikide eszeniko-performatiboak gerturatzea helburu duen ekimena, hain zuzen ere.

Morandeira Madrilgo Maiatzaren Biko Arte Zentroaren La Escuelita ikerkuntza laborategiko zuzendarikidea da, eta Teatros del Canal zentroetako zenbait ekimen zuzentzen ditu. De Naveran arte eszenikoen ikerkuntzan aritu da azken urteetan; 2016tik 2018ra "Elipsiak" dantza zikloaren komisarioa izan zen Azkuna Zentroan eta 2017tik Madrilgo Reina Sofia Museoaren dantzarako aholkularia da; 2010ean, Bulegoa Zenbaki Barik arte eta ezagutza bulegoa abiatu zuen Leire Vergara, Miren Jaio eta Beatriz Caviarekin batera, 2018an Gure Artea saria lortuz.

ERAKUSKETA PROGRAMA

Erakusketa programari dagokionez, praktika artistiko garaikideari eta ikerkuntza proiektuetara zabalik dago eta Sahatsa Jauregi eta Irati Urrestarazu izango ditu gidari, Okela Sormen Lantegiko kideak biak. Proiektu hori 2014an abiatu zen Bilbon, Euskal Herrian egungo artearen testuingurua aktibatu eta artista plastikoen eta bisualen arteko harremanak sustatzeko asmoz. Antolatu duten ekimen nagusien artean daude Artist Meeting Point, artisten sare digitala eta Getxoarte eta Bilboko Loraldia jaialdirako erakusketak.

Azkenik, Ibon Garagarza eta Miren Begoñe Bilbao arduratuko dira bitartekaritza eta arte egoitzen programaz. Biak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederretan lizentziadunak dira eta 1998tik arte hezkuntzan dihardute, zenbait erakunderekin elkarlanean. 2009tik aurrera Zirri Marra Arte lantegia zuzentzen dute eta 2017an Bi Hormetara erakusgunea zabaldu zuten; horren bitartez, lantegian eginiko lana osatu eta artearen eremuan hezkuntza duen garrantzia nabarmendu nahi dute.

Bukatzeko, Getxoko Kultur Etxeak gogoratu du ekainaren 4an amaituko dela Getxoarte 2019ko erakusketa programaren eta programa eszenikoaren sarietarako proposamenak aurkezteko epea.

Ekimen horien bitartez arte plastiko zein eszenikoetan arte sormena bultzatu nahi da. Sariak ibilbide profesionalaren hasieran dauden artistei zuzenduta daude, eta 700 euro eta 1.000 euro banatuko dira, hurrenez hurren. Guztira, zortzi proposamen aukeratuko dira erakusketa programarako eta bost programa eszenikorako. Lan guztiak Romo Kultur Etxean izango dira ikusgai, abenduaren 13tik 15era.