Bilbo - Garai Zekenak obra Arriagan egin eta aste gutxira, Miren Gaztañaga Lady Macbethen paperean ibiliko da Antzokiak gaur estreinatuko duen Shakespeareren Macbeth antzezlanean, publiko orokorraren- tzat estreinaldia larunbatean izango den arren. Gaurtik 12ra euskaraz eskainiko da, eta 14tik 17ra berriz, gaztelaniaz. Horregatik, obra bera erdaraz eta euskaraz egitearen erronka “urduritasunez” eta “gogo handiz” hartzen duela adierazten du aktoreak, lantaldearen aukeraketa (guztira 24 kidek osatzen dute) Alex Gerediaga zuzendariak hartutako erabaki onena bezala deskribatuz. Izan ere, Mikel Losada, Kepa Alesso, Iñigo Aranbarri, Florentino Badiola edo Arrate Etxeberria bezalako an- tzezleek hartzen dute parte.

Nahiz eta normalean klasikoak interpretatzera ohituta ez dagoen, “balio unibertsalak azaltzen dira beti klasikoetan, gizakia definitzen duten sentimenduak”, kasu honetan anbizioa, maitasuna, amorrua... izango dira obraren funts garrantzitsuenak. Horregatik, “klasikoek gai horiek lantzeko aukera ematen dute; eta aldi berean lenguai mota bat daukate sinesgarri egitea zailtzen duena, naturaltasunez egitea da lanik potoloena”, Gaztañagaren arabera.

Gainera, Alex Gerediagak sortutako bertsioan berezitasun anitz daude, hala nola zinema, antzerkia eta musika uztartzearena. Izan ere, Belako talde euskaldunaren kantak dira William Shakespeareren obra guztian zehar erabiltzen direnak, kasu honetan kanta ezagunenak izan ez arren “temazoak” direla aitortzen du Gaztañagak. Hori da hain zuzen ere publikoa erakarriko duen beste arrazoietako bat aktorearen arabera, batez ere “lanari indarra ematen diolako”.

“Erronka nagusienetakoa obra bera euskaraz lehenengo eta erdaraz gero antzeztea da”, aktoreak aitortzen duenez, izan ere 12an euskarazko bertsioa bukatu eta bi egun geroago, 14an, erdarazkoarekin hasiko dira. “Bi hilabetetan euskaraz eta erdaraz ikasi behar dugu. Garai Zekenak obran ere gauza bera gertatu zen. Hala ere. niretzat idealagoa izango litzateke bien artean denbora gehiago izatea, bestela bata edo bestea apur bat ahultzen direlako; batzuen ama hizkuntza euskara dela eta beste batzuk berriz normalean gaztelaniaz egiten dutelako”.

Gainera, Arriaga antzokiak euskarazko antzerkiari presentzia handia ematen hasi dela aitortzen du Gaztañagak, izan ere azken produkzio propioetan euskarazko bertsioa ere eskaini dute, kasu honetan ganera, estreinaldia euskaraz izango delarik, guztira bost saio eskainiz, eta gazteleraz berriz, lau izango dira. Gaztañagaren arabera publikoaren harrera ere paregabea izan da aurretik eskaini diren antzezpen guztietan: “Garai Zekenekin ere ez da arazorik egon, Arriaga lan handia egiten ari da euskarazko antzerkiari presentzia emateko, eta ea hala jarraitzen duen”. Izan ere, antzezle gipuzkoarrak azaltzen duenez, “Zazpi senideko eta Erlauntza aste barruan ikustera etorri nintzen eta topera zegoen. Ikusgaitasuna ematen ari zaie euskal produkzioei, estreinaldia euskarazkoari ematen zaio. Oso positiboa da eta hala jarrai dezala espero dut”.

Nahiz eta Macbeth obra Shakespeareren antzerki ospetsuenetako izan, oraingo bertsio hau, Alex Gerediagarena, guztiz ezberdina izango da, izan ere “bertsio guztietan autore bakoitzak bere selloa emateko aukera dauka, eta horrek egiten du berezi. Honetan Gerediagak eman dio bere selloa”. Zuzendari euskaldunak ere bere estilo propioa jarraitu du obra honetan, zinema, an- tzerkia eta musika obra berdin batean uztartuz. Euskarazko bertsioari dagokionez, zuzendariak berak gidatzen duen arren, Jon Gerediaga izan da testua euskaratu duena; ingelesetik zuzenean itzuliz. Gainera, Miren Gaztañagak azaltzen duenez “itzulpen zoragarria egin du Jonek. Marjina utzi digu testua geureganatzeko. Berak egindakoa errespetatu dugu baina gauzaren bat berbegiratu dugu ikuslearengana hurbiltzeko”, aktoreak adierazten duenez.

Gainera, euskarazko produkzioetan oso gustora sentitzen dela aitor-tzen du, “niri euskaraz lan egiteak leku bat ematen dit, lan egitean euskaraz hobe sentitzen naiz. Erdarazkoak gehiago landu behar ditut”, antzezleak adierazten duenez.

Hala, bere momentu profesional onenean egoten jarraitzea espero du gipuzkoarrak, Obabakoak obraren ondoren “hainbat aukera etorri zaizkit, asko ikasten nabil”. Egunerokotasunean urduritasuna nagusi- tzen den arren, erronka guzti hauek “oso gustora” hartzen dituela nabarmentzen du “Lady Macbethek”.

Emanaldiak Euskarazko emanaldiak otsailaren 7, 9, 10, 11 eta 12an izango dira. Estreinaldi ofiziala larunbatean, otsailaren 9an, izango da, arratsaldeko 19:30etan, otsailaren 7ko saioa goizez izango delako, 11:00etan, eta ikasleei zuzenduta, batez ere, 11koarekin eta 12koarekin gertatuko den bezala. Publiko orokorrari zuzenduta egongo den arratsaldeko beste emanaldia otsailaren 10ekoa izango da, arratsaldeko 19:00etan. Gazteleraz berriz, lau emanaldi eskainiko dira; 14tik 17ra bitartean, guztiak arratsaldeko 19:30etan izango diren arren azkena 19:00etan eskainiko da. Gainera, euskarazko emanaldiak hasi baino 30 minutu lehenago, Zenbat Gara Elkarteko kide den Xabier Monasteriok Macbeth eta William Shakespeare bera hizpide izanik 20 minutuko hitzaldia eskainiko du Antzokiko foyerrean, publikoak eszenatoki gainean ikusiko duenaren aurkezpen gisa.