BILBO. Cassandro munduko txapelduna izan da hirutan, eta borroka libre mexikarrean bere orientazioa lau haizetara zabaldu duen aitzindarietakoa izan da, kirol hau oso maskulinizatua eta matxista izanik. "Irudiarekin, jaialdiak aldarrikatu nahi du ez dagoela zertan mugarik egon genero adierazpenean", adierazi dute.

Pau Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendariaren hitzetan, "badirudi gizon eta emakumeek ezarritako arau sozialen arabera bakarrik adierazi daitezkeela, eta baten batek ezarritakoa jarraitzen ez duenean, adjektibo ugari jaso behar ditu: xelebrea, emagizona, desegokia, bitxia".

Hori dela eta, aurten, jaialdi bilbotarrak "luma izatearen harrotasuna" aldarrikatuko du, bakoitzak eskubidea izan behar duelako bere generoa adierazteko, konbentzionalismoak ahaztuz, eta libre eta gustura sentituz.

"Harrigarria da zelan, kolektiboaren barruan ere, batzuetan 'luma izatea' zeozer negatiboa bezala jasotzen da. Azkenaldian 'lumafobia' handitzen ari dela antzematen ari gara, bai kolektibo barruan bai gizartean. Sexu aniztasuna gero eta onartuagoa dagoen arren, oraindik orain entzuten dira 'dena ondo dago, antzematen ez zaizun bitartean' bezalako esaldiak", azaldu du.

Horrela, Cassandro el Exótico borrokalariaren argazkiak horri guztiari aurre egin nahi dio: pertsona indartsu bat agertzen da, bere nortasunaz harro, kontrako testuinguru batean bizi arren. Argazkiaren egilea Katie Orlinsky da eta "New Yorker" hedabidearentzat egindako erreportaje baten baitan agertu zen. Bere argazkia Zinegoak jaialdiko aurtengo edizioko irudi ofiziala izango da.

EGITARAUA

Zinegoak Elkarteak sexu aniztasun, identitate eta generoarekin lotutako kontzeptuak lantzen ditu, sexu orientazioarekin batera. Orain dela bi urte jaialdian generoa landu zen Muxe baten irudiarekin, eta iaz orientazioa eta gorputzen aniztasuna aldarrikatu zen. Aurten landuko den eremu nagusia genero adierazpena izango da. Kartelean agertzeaz gain, gai hau ere programazioan agertuko da.

Horrela, adibidez, "The man who surprised everyone" film errusiarra ikusi ahal izango da. Lan horretan protagonistak heterosexualak dira, eta konturatuko dira zer nolako presioa jasotzen duten euren generoa ezarritako arauen baitan adierazten ez badute. Pelikulak Bordeleko Zinema Independientearen Jaialdiko Erasmus Plus saria jaso zuen.

Halaber, Cassandro el Exótico ez da bakarrik kartelean agertuko. Borrokalari mexikarraren bizitza eta nortasuna gertuagotik ezagutu ahal izango da Marie Losier zuzendariaren "Cassandro el Exótico" dokumentalaren proiekzioarekin. Lanak Zinegoak-eko dokumental sail ofizialean parte hartuko du, Gijongo Zinema Jaialdian Zuzendaritza arloko Fipresci saria jaso ostean.

Horrez gain, sail ofizialean baieztatu den beste lan bat Bertrand Mandico zuzendariaren "Les garçons sauvages" da. Filmak oso kritika onak jaso ditu nazioartean eta "Cahiers du Cinema" aldizkariak 2018ko pelikularik onena dela adierazi du. Saio bi izango dira, haietako bat FAS zineklubaren lankidetzarekin, otsailaren 19an.

Arte eszenikoei dagokionez, Xake Produkzioak konpainiaren "LUR" umeentzako antzezlana izango da, Bilbon lehenengo aldiz. Hitzordua otsailaren 24an izango da, goizez, Azkuna Zentroan. Lan honek genero identitatea lantzen du: protagonista Ane da, bulba duen mutila.

Hurrengo asteetan Zinegoak bere programazioa eta gonbidatuen zerrenda baieztatuko du, hilabete barru prentsaurrekoan aurtengo nondik norako guztiak aurkezten diren arte.