Síguenos en redes sociales:

Iparraldeko bertso txapelketa taldeka jokatuko dute aurten parte hartzaileek

Xilaba gaur hasiko da Gameren, Zuberoan eta Baigorrin bukatuko da abenduan

Iparraldeko bertso txapelketa taldeka jokatuko dute aurten parte hartzaileekFranck Dolosor

Xalbador, Mattin, Alkhat eta Mihura bertsolariak duela zenbait urte hil ziren. Dena den bertsolaritza bizi bizirik dago oraindik Ipar Euskal Herrian ere. Izan ere, gazte ainitz gogo haundiarekin lotu dira bat batean kantatzeari. Eta gazteak ez dira bakarrik Amets Arzallus edo Sustrai Colina. Gaur egun, nagusien artean kokatzen da lagun bikote ezaguna haiek baino askoz gazteagorik baita bertsolarien artean.

Azken hamarkadetan bertsozaleek lan handia egin dute Iparraldean ere bertso eskolak sortuz Ber-tsularien Lagunak elkartearen inguruan. Uzta biltzen ari dira orain eta gisa honetan duela hamar urte Xilaba Iparraldeko bertso txapelketa antolatu zen lehen aldiz. Lehenago Iparraldeko bertsolariak Nafarroako txapelketan lehiatzen ziren. Xilabak gaitzeko arrakasta lortzen du bi urtetik behin bi mila bertsozale pasa elkartuz lehenik Donibane Lohizunen eta azken urteetan Baionan jokatzen diren finaletan.

Xilaba taldeka Aurten, berritasun haundiarekin dator Xilaba taldeka jokatuko baita, bertzeak bertze lehiakide gehiago erakartzeko. “40 lehiakideen artean hogeik lehen aldiz parte hartuko dute” azpimarratzen du Xumai Murua Bertsularien Lagunak taldeko kideak. Parte hartzaileen artean daude Sustrai Colina, gaur egungo Xilabaren txapelduna, Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Odei Barroso, Joanes Etxebarria, Ekhi Erremundegi, Pantxika Solorzano eta Miren Artetxe. Gaur hasita, hamaika talde ariko dira nor baino nor hamalau saiotan Gamere eta Altzumartan hasiz. Gero Sara, Heleta, Pausu, Donibane Garazi, Hendaia, Baigorri edo Azkainen ariko dira, eta bi finalerdiren ondotik finala jokatuko da Baigorrin Plaza Xoko gelan abenduaren lehenean, arratsaldeko seietan. Amets Arzallusen hitzetan Xilaba taldeka joka- tzea erabaki ona da zenbait bertsolari uzkur baitziren banaka aritzeko. “Aurten beldurra galtzeko aukera izanen dute eta agian bi urteen buruan banaka kantatzea ausartuko dira” dio hendaiarrak. “Ilusioarekin parte hartuko dut eta filosofiarekin bat egiten dut gazte ainitzek lehen aldiz parte hartuko baitute”.

Bertsolaritza lurralde osoa Bertsozaleentzat ez du interesik galduko aurtengo edizioak Xumai Muruaren ustez. “Beste fenomenoa sor dezake herri edo bailara batek talde bat sostengatzeko gogoa izan baitezake. Motibazio, kartsutasun eta giro beroa sor liteke” dio Muruak. Finalerdi eta final jende- tsuak antolatu beharrean aurten ekitaldi gehiago eginen dute herriz herri. Lehiakideen presioa ere desberdina izanen da bakarrik jasan beharrean elkarrekin taldean sentituko baita, funtsean Nafarroa edota Arabako kuadrilen arteko lehiaketetan egiten duten bezala.

Bestalde, bat batean kantatzeaz gain, gauza gehiago egin beharko dute lehiatuko diren 11 taldeek: gaiak asmatu, gaiak eman, saioak epaitu eta beren herrian jokatuko diren lehiak antolatu. Aurtengo lehia desberdina izanen dela baina ikusgarritasunik ez duela galduko argi dauka Xumai Muruak.