Síguenos en redes sociales:

Emakume musikagileen ondare ezkutua azaleratuko du 2018ko Musikastek

Arantzazuko frantziskotarren artxiboaren ‘online’ katalogoa ere garatuko du Eresbilek aurten

Emakume musikagileen ondare ezkutua azaleratuko du 2018ko MusikastekArgazkia: Javi Colmenero

donostia - Aurtengo Musikaste zikloaren helburua, emakume musikagileen “ondare ezkutua” azaleratzea izango da eta maiatzaren 18tik 26ra iraungo du. Hala ere, berriki hildako Maria Luisa Ozaita musikagile bizkaitarrari omenaldia ere egin nahi diote. Eresbil musikaren euskal artxiboak 2018rako dituen asmoak aurkeztu zituen atzo eta Musikasteko ildo nagusiak iragartzeaz gain, Aran-tzazuko santutegiko antzinako musika funtsaren online katalogoa ere sortu nahi dutela aurreratu zuen.

Ozaita iaz zendu zen eta bere funtsa Eresbilek jaso du. Bertan, emakumeek sortutako partitura asko jaso zituen, mundu osokoak. Ozaita bera emakume musikagileen elkarteko buru izan zen eta Eresbileko zuzendari Jon Bagüések gogoratu zuenez, Musikasten ere emakumeek sortutako lan gehiago programatzeko eskatzen zion urtero.

Hala, 2018ko edizioan leku berezia izango dute emakumezkoen konposizioek emanaldi guztietan eta komentuetan mojek sortutako lanak ere joko dituzte, nahiko ezezagunak orain arte. Gainera, bi kontzertu oso-osorik emakumezkoen lanek osatuko dituzte: horietako bat Ozaitari omenaldia egiteko baliatuko dute eta bestean Emiliana Zubeldia nafarraren lanak berreskuratuko dituzte.

arantzazu 2018 Europan ondarearen urtea dela eta horren ildotik Arantzazuko musika artxiboaren online katalogoa garatuko du Eresbilek. Bertan XVII, XVIII eta XIX. mendeetako mila konposizio baino gehiago gordetzen dituzte, eta santutegia 1835. urtean erre aurretik frantziskotarrek abesten zituzten obrak ere bai.

Hilabete batean, gutxi gorabehera, Pablo Sorozabalen inguruko webgunea ere aukeztuko dute. “Orrialdea jada prest dago, baimenen kontua ixtea falta zaigu bakarrik”, aipatu zuen Bagüések. 2018an, gainera, Donostian ospatuko da Musika Dokumentazioko Espainiako Elkartearen bilera (Musikeneren egoitzan).

Aurtengo asmoen berri emateaz gain, iazko lanaren balatzea egin zuen Eresbileko zuzendariak atzoko agerraldian. Bost funts berri lortu zituzten 2017. urtean eta guztira jada 250.000 dokumentu baino gehiago inbentariatu ditu artxiboak, horietatik 112.000 ikus-entzunezkoak eta beste 94.000 partiturak, besteak beste. Guztien artean, ia 34.000 dira euskal autore edo musikarekin zerikusia dutenak. Iaz euskal sortzaileen 708 partitura berri jaso zituen artxiboak.

Bestalde, Ibilbideari Elkar Saria jaso zutela nabarmendu zuen Bagüések eta Mintzolarekin eta Nafarroako Musika eta Arte Eszenikoen Artxiboarekin lankidetza akordioak garatu zituztela azpimarratu zuen. Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazioarekin lankidetzan Ahaire koru antologia ere kaleratu zuten, eta bertan 50 obra jaso zituzten. Dantza tradizionalaren alorrean, 286 bideo zinta digitalizatu eta aztertu zituen Eresbilek eta egitasmo horren baitan guztira 600 zintatik gora jaso eta artxibatu dituzte orain arte. Dantza garaikideko bideoak biltzeko lanean ere ari dira.

Bestalde, artxiboaren ezagutzari buruz dagokionean, Interneten 425.000 bisita inguru jaso zituen euskal artxiboak eta horietatik %25 Estatu Batuetakoak izan zirela nabarmendu zuen zuzendariak. Bisita gehien jaso zituzten orrialde berezien atalean Sarriegirena, Usandizagarena, Guridirena eta Escuderorena aipatu zituen Bagüések, baita txistuari buruzko webgune berezia ere. Gainera, iaz 922 eskaera zehatz jaso zituzten dokumentazio eske, horietatik gehienak e-mailen bidez aurkeztutakoak.