Donostia - Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren heriotzaren seigarren urteurrena dela-eta, urtarrilaren 14an, bere ohorezko irudia inauguratuko da Antigua auzoko Gaskuña plazan, Donostian. Ekitaldia 12.00etan izango da eta gonbidatuen artean Ibon Sarasola euskaltzaina, Joxe Manuel Odriozola idazlea eta Izarne Zelaia eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak izango dira. Horma irudia Mikel Herrerok egingo du, Txillardegiren irudi batean oinarrituta (hark egin zuen berriki Imanol musikariaren murala Antiguan bertan).

Horma irudia Txillardegi Udal Liburutegia herri ekimenak bultzatu du. Elkartea duela urte batzuk sortu zen Donostiako Udalari eskaera zehatza egiteko: Udal Liburutegiari Txillardegiren izena jartzeko eskatzeko, hain zuzen ere. Eskaera hori babestuz hainbat sinadura ere jaso dituzte azken urteotan eta udal taldeekin bildu dira, baina ez dute lortu proposamena gauzatzea.

Horma irudia crowdfunding kanpaina bati esker ordaindu dute eta Udalak baimena eman die Gaskuña plazan kokatzeko, baina elkartearen iritziz, oraindik “aitortza ofizial bat” zor zaio Txillardegiri eta hori lortzeko lanean jarraituko dutela diote, Udal Liburutegiari haren izena jartzeko proposamenari uko egin gabe.

Hizkuntzalari, politikari eta idazle donostiarra gogoratzeko, gainera, beste ekitaldi batzuk ere egingo dituzte egunotan: hilaren 11an hitzaldia eskainiko dute Lorea Agirrek eta Alaitz Aizpuruk, Txillardegi, errotikako gogoeta izenburupean (Doctor Camino liburutegian, 19.30ean). Hilaren 18an, berriz, beste hi-tzaldi bat eskainiko du Fito Rodríguezek, Txillardegi intelektuala (EHUko Filosofia Fakultatean, 13.00etan). - N.G.