DONOSTIA. San Telmo Museoak jakinarazi duenez, "Esku harriak: Oteizaren (h)aria" MugMus Laborategiaren lehen lana da, eta museoan lan horren kalerako egokitzapen laburtua eskainiko dute (jatorrizkoa antzokietarako sortua da), 25-30 minutukoa.

Lan honek Jorge Oteiza artista polifazetikoak bere ibilbide aberatsean jorratutako iruditeri anitzaren berrirakurketa propio bat egiten du. Era honetan, artista oriotarraren unibertso zabal eta partikularra gogora ekarri eta berreraiki nahi izan dute, artistak landu zituen hainbat kontzeptu eta elementuri keinu eginez, besteak beste, harrespila, hutsunea, espazioaren trataera mamitsu eta moldagarria, desokupazioa, eskultura, Klarion laborategia bilduma, musika seriala eta konkretua, bertsolaria, txalaparta, Ez Dok Amairu, hitza, haurra...

Horretarako baliabide metaforikoak erabili dituzte taldekideek, batetik mugimenduak eta musikak eskaintzen dituztenak, eta, bestetik, nortasun handiko eszenografia xume baina iradokitzaileak eskaintzen dituenak.

Mugimenduaren (dantza), zuzeneko musikaren, eskulturaren, bertsolaritzaren, hotsen eta espazioaren trataeraren harilkatze fin baten bitartez, ikus-entzulea murgildu egingo da Jorge Oteiza artista polifazetikoaren iruditerian MugMus Laborategiaren irakurketaren bidez.

Ikuskizun honetan elkarlanean aritu dira bakarkako egitasmoetan zein beste taldeetan arituz ibilbide oparoa izan duten artistak. Hala, San Telmo Museoko emanaldian parte hartuko dute Jone Amezaga del Fragok (dantza), Josu Santamaria Fernandezek (dantza), Amets Arzallus Antiak (bertsolaria), Iñar Sastre Lopetegik (musika) eta Beñat Ralla Yustak (musika eta zuzendaritza artistikoa).

Ikuskizunaren fitxa artistikoa osatzen dute Eneko Balerdi Eizmendik, mugimendu aholkularitzan, eta Xabier Mujika Aldasorok, jantziterian.

GONBIDAPENAK BAZKIDEENTZAT

Arestian esan bezala, ikuskizunerako sarrera doakoa da, lekuak bete arte, baina San Telmo Museoko bazkideek aukera izango dute eserlekua ziurtatzeko; izan ere, museoak gonbidapenak jarriko ditu eurentzat eskuragarri.

Ikuskizuna ikusteko lekua gorde nahi duten bazkideek asteazkenean (abuztuak 30) eta ostegunean (abuztuak 31) museoko harreran jaso ahal izango dituzte gonbidapenak ohiko ordutegian: 10:00etatik 20:00etara. Bazkide bakoitzak 4 gonbidapen hartu ahal izango ditu, gehienez.