Arkitektoen diziplinatik at, arkitekturaren champions league edo gogoangarri den arkitekturaren zerrenda osatzeko garaian, adierazgarritasunarekin erlazionaturiko arkitekturak aukeratzen dira: museoa, musika jauregia, banku baten etxe orratza, futbol zelaia, hiri-liburutegia. Ematen du, arkitekturak begirada harrapatzeko ezohiko edo publikoa den erabilera bati ostatu eman behar diola. Egunerokoak eta pribatutasunak ikusgarritasunerako leku gutxi balu bezala. Errealitate honek gizartearen publiko eta pribatuaren banaketa eraikuntzari eran-tzuten dio seguru aski, nabarmentasuna duena etxetik at dagoen sinesmenaren harira.
Bestalde, arkitektoen diziplinan espazioen barneko diseinua, dekorazioa eta altzarigintza arkitekturaren “bigarren mailako lanak” kontsideratu izan dira. Askotan, emakume arkitektoen lan esparrutzat jo dena, edo arkitektoak ez diren beste diziplina batzuen esku utzi diren lanak. “Gizonezko” arkitektoak “goi mailako eraikuntza garrantzitsuak” egitera dedikatzen dira, eta barne-espazioa, arkitekturaren azpi-kategoria bezala praktikatzen da. Akats handia da horrela pentsatzea, arkitekturaren espazioak ez baitu izpiritu klasistarik; arkitekturaren interpretazio eta erabileran gertatzen da sailkapena. Arkitekturaren eraikuntzara salto egiten badugu, barne-espazioaren kalitate eta kualifikazioaren irizpideak nagusitzen dira.
ARKITEKTURA VS DEKORAZIOA Lehenik, ohiko gaizki-ulertu bat argitu behar da. Barne-espazioaren arkitekturak ez du dekorazio lanarekin zerikusirik. Espazioaren izaera eta kualitatea gauza bat da, eta espazioa konbinatzen duten objektuz bete-tzea, beste bat. Esan zitekeen, arkitekturak denboran zehar mantenduko diren gai estrukturalak lantzen dituela. Esan nahi da: espazioaren altuera, argi naturalaren kokapen, kantitate eta kualitatea, argi artifizialaren efektua, espazioaren ehundura materialak -lurrekoak, paretetakoak, sabaikoak-, espazioen arteko harremanak antolatzea.
Espazioaren estilo eta itxura bukatu eta bizitu bat lortzen da atontzen diren objektuekin, hau da, espazio batek milaka estilo desberdin jaso ditzake arkitekturak sortu duen egituraren barruan. Arkitekturaren gain dekorazioko objektuak gainjar-tzen dira, espazioaren ezaugarriei, erabiltzaile edo espazioan bizi denaren pertsonalitatearekin jantzi dadin -bere bizipen edo gustuari dagozkionak gehituz-. Arkitekturak espazioaren izaera eta egitura eraikitzen du, eta objektuek, bizipena.
ESPAZIOAREN IRAKURKETA Arkitektura ez dagoen lekuan, arkitektura eraiki izenburuarekin laburbildu daiteke Donostiako Amara auzoan kokatutako etxebizitza baten eraldaketa prozesua, Aranaeskisabel-en egiletza duena (Amaia Arana eta Esther Eskisabel arkitektoek osaturiko lan talde ordiziarra). Arkitekturaren elementuak, kasu honetan, sukaldearen eraikuntza, gelen arteko banaketa orriak eta argiztapen artifiziala dira. Lan honen abilezia espazioaren irakurketan datza. Argitasun gutxiko 7. solairuko etxebizitza baten aurrean, arkitekturarekin espazioa handitzeko helburua ezarri diote beren lanari. Jatorrizko egoeran, egongelak etxe-irlaren patioko argia arnasten du, eta sukaldeak eta logelek barne patiokoa. Etxearen harrera pasabide ilun bat da, egongelara eta sukaldera eramaten zaituena.
Berriztatze-proposamenak barne antolaketan aldaketa zehatz eta erraza egiten du: sukaldea eta egongela biltzean argia bi orientazio desberdinetatik lortzen da, eta logeletako pareta manpara mugikorrekin ordezkatzean, pasabidearen izaera eraldatzen da -luzeran laburtu egin dela ematen du, eta logelak berriz handitu egin direla-. Bi operazio hauek etxearen bizipena estrukturalki aldatzen dute. Berriztatze lanak egin aurreko irudia eta gaur egunekoa alderatuko bagenitu, espazioaren zabaltze sentsazioaz jabetuko ginateke.
Barne-arkitektura honen beste funtsezko ezaugarri bat espazioari espresuki egindako diseinuak gaineratzea da. Sukaldea eta manparak ezin dira marka suediarraren produktuetan edo beste edozein altzari katalogotan aurkitu. Etxearen gelek behar duten altzaria prêt-à-porter erara pentsatu eta eraikitzen denean, altzariak arkitektura izaera hartzen du. Sukaldea eta armairua paretaren parte dira, eta nitxoen modura aurkitzen ditugu sukaldearen etxetresna elektrikoak eta gainontzeko elementuak.
Adibide honekin ikusgarri egiten da, espazio domestikoaren eraikuntzan, arkitektoaren begirada teknikoak eta erabiltzailearen esperientziak parte hartu behar dutela. Bakoitzak bere eginbeharra du: arkitektoak ez luke erabiltzailearen papera hartu behar, ez eta erabiltzaileak arkitektoarena.