BILBO. Askorentzat "rockaren historiako emakume garrantzitsuenetakoa" da PJ Harvey. Bi hamarkadako ibilbidearekin, artista ingelesa lehen aldiz izango da Euskal Herrian, eta udaberrian kaleratu zuen "The Hope Demolition Project" aurkeztuko du. "Ride On Me" edo "Let England Shake" lan bikainekin gertatu zen moduan, azken diskoak ere kritika onak jaso ditu. "Bere zuzenekoak hipnotikoak eta energiaz beteak dira, eta ez dituzu erraz ahazten", nabarmendu dute antolatzaileek.
Bestalde, Modeselektor eta Apparat elektronika alemanaren bi proiektu errespetatuenetakoak dira, eta elkarrekin Moderat osatu dute. Berlingo soinua da %100, eta techno, bass music eta pop estiloak "era sofistikatuan" nahasten ditu. "III" azken diskoa apirilean kaleratu zuten.
Halaber, BIME Live jaialdiak Toundra post rock talde madrildarra izango du aurtengo edizioan. Mogwai eta Explosions in the Sky taldeekin alderatu dituzte askotan, eta 2007tik jotzen dute. Azkenik, Kevin Garnett Brooklyngo konpositore eta abeslaria ere BEC! erakusketazokan izango da datorren urrian; "Mellow Drama" EParekin kritika eta artisten errespetua lortu du, eta gaur egun bere lehen LPa grabatzen ari da.