Elurtearen osteko uholde indartsua
‘Ura’ diskoa aurkeztu du Siroka taldeak, duela bi urte martxan jarritako ‘Malutak’ proiektuari jarraipena ematen diona eta berritasunez blai datorrena
Udaren etorrerarekin batera, elur malutak ur bihurtu ditu Sirokak. Talde bizkaitarraren laugarren diskoa da Ura, eta kantu fisikoak zein Malutak proiektutik berreskuratutakoak batzen ditu, Lasterbidean abestiaren erremixarekin batera. Taldeak bere estiloari eutsi dio disko berrian; hala, ohiko rock gordinaren gainean ahots melodikoak aurkituko ditugu.
“Trantsizioaren diskoa” kaleratu dutela diote bizkaitarrek. Izan ere, Malutak proiektuaren atzean zeuden Pagazak eta Pepok taldea utzi zutenean, Siroka bidegurutze zail batean sartu zen. Baina, bapatean, Ciro baxu-jotzailearen mezua jaso zuten, Feos Pero Majos taldean aritua zen bera; taldea desegin behar zutenez, baxu-jotzaile bat behar izatekotan berarekin konta zezaketela jakinarazi zien. “Horrek animo handia eman zigun eta gitarra-jotzaile baten bila hasi ginen berehala”, azaldu du Gorka Chamorro taldeko bateria-jotzaileak. Iker Aranak baiezkoa eman zien, baina hilabete batzuk kanpoan eman behar zituenez, lagun baten bitartez ezagututako Asier Martinekin lan egitea erabaki zuten eta lau kantu berri grabatu zituzten berarekin.
Erritmo sendoagoa
Berritasunak dira nagusi diskoan, taldekideek diotenez. “Erritmo sendoagoa du lan honek”, uste du Chamorrok. “Ciro taldean sartzeak oinarri erritmikoari sendotasuna eman dio. Gitarra mardulagoak nabari dira eta Mariaren melodia indartsuak gero eta landuagoak dira, iluntasunetik argitasunera salto eginez”, gaineratu du. Maria Rivero da, hain zuzen, Sirokaren ahotsa. Bere ustez, “erritmo berriak eta musika egiteko eta ulertzeko forma berriak sartu dira taldean eta horrek asko aberastu du diskoa eta taldea bera ere bai”.
Taldekideen joan-etorriak ez dira oztopo izan eta momentu oro argi izan dute taldeak aurrera egin behar zuela. Siroka “terapia ederra” dela dio Riverak. “Buruhauste asko, lan handia eta ardura dakarren arren, gustura gabiltza gure musika jendaurrean aurkezten, gure mezuak helarazten, bideoklipak grabatzen eta kantu berriak konposatzen. Plazer bat da hainbeste lan suposatzen dizun horrekin gero hainbeste lagunek gozatzen duela ikustea. Horrek zoriontasuna eta aurrera jarraitzeko gogoak besterik ez dizkigu pizten, eta horretan gabiltza, benetan merezi duelako”, nabarmendu du Riverok.
Aurreko Malutak proiektuko lau kantak Kaki Arkarazorekin grabatu zituzten, Garate estudioetan. “Gustura egoten gara beti Kakiren grabazio prozesuetan, leku zoragarria da eta distrakziorako paradarik ez da izaten. Isolatuta egoten gara, grabaketan murgilduta, guretzat garran-tzitsua da hori. Gainera, bere lagun-tza ezinbestekoa izan zen konponketak egiteko eta kantuei azken ukituak emateko”, nabarmendu du Chamorrok. Kanta berrietarako, aldiz, “gertutasunak ematen duen erosotasunaren alde” egin dute eta Urdulizko Tio Pete estudioan grabatu dituzte, Unai Mimenza soinu teknikariaren laguntzarekin. Beraz, Chamorrok dioen legez, “bi estudio, bi talde formazio ezberdin, bi teknikari ezberdin, bi kolore... Trantsizio disko bat da Ura, bete-betean”, bateria-jotzailearen ustez.
Taldeak disko berriaren ehun ale jarri ditu salgai, argi baitute ez dutela musika egiten diskoak saltzeko. Hala, Sirokaren musika doan deskargatu ahal izan da taldearen webgunean zein Taupaka elkartearen atarian. “Diskoen salmenta hainbeste jaitsi dela ikusita, gure zaleei maitasun osoz egindako lan bat eskaini nahi diegu. Diseinu eder batekin, ura eta maluta kontzeptuekin jolastuz”, diote talde kideek.
Maluten urtzearekin batera, “uholde indartsua” dakar Sirokak. Eta taldeak, gainera, indarra areagotu du, laukote izatetik boskote izatera igaro baita. “Arana Euskal Herrira bueltatu denez, gaur egun bi gitarra-jo-tzaile ditugu, gure musikari indar gehiago emanez”, azpimarratu du Chamorrok. “Taldea gogotsu igo da berriro eszenatokietara -erantsi du gitarra-jotzaileak-, “esperientzia ederra izaten ari da oholtzaz-oholtza aritzea, pozik geratu gara emandako zuzenekoekin eta publikoaren harrerarekin”. Barañain, Orio eta Arangurenetik igaro dira jada diskoa aurkeztu zutenetik. Uztailean oporralditxo bat hartu dute, baina abuztuaren erdialdean berriro ekingo diete zuzenekoei. Besteak beste, Laudio eta Bilboko jaietan arituko dira eta, irailean, Gasteizen. Hortik aurrera, kontzertu gehiago etorriko direla espero dute. Hori baita Sirokaren helburua: egiten duten guztia jendearekin konpartitzea.
Más en Cultura
-
Mägo de Oz defiende su participación en el festival Viña Rock, respaldado por un fondo proisraelí: "Iros a tomar por culo"
-
Pantxoa eta Peio ofrecerán un segundo concierto en el BEC
-
Obama elige una canción de Rosalía entre sus favoritas de 2025
-
De los populares Vanesa Martín y El Kanka al indie de Amaia Miranda