Síguenos en redes sociales:

Hiru hamarkada dirauten instanteak

Jose Mari Zabalak ‘Ecfrasis Bideolanak 1986-2016’ erakusketa paratu du Bilboko Carreras Mugican. 30 urteko tartean artista iruindarrak egindako hainbat lan ikusgai izango dira, irailaren 9ra arte

Lau hamarkada kanpoan bizi ondoren, bere sorterrira, Irunera, bueltatu zen Jose Mari Zabala 2004an, eta umetatik ezagutzen zuen Txingudiko badian, bereziki Hendaiako Hondarraitz hondartzan, pausatu zituen begiak. 2014 eta 2016 urteen artean, urtaroz-urtaro, kokaleku beretik filmatu zuen hondartza hori. Bilboko Carreras Mugica galeriaren atarian ikusgai dagoen Hondartza izeneko bideolana dugu ariketa horren emaitza. “Paisaia bera urtaroaren arabera nola aldatzen den erakusten du -dio Zabalak-. Udan, hondartza jendez beteta ageri da; eta neguan, egunsenti edo ilunabarrean, isiltasunean. Aldakortasun hori erakustea izan da helburua. Bideolana margolan bat balitz bezala aurkeztu dut, kontenplazioa proposatuz”, jakinarazi du artistak. Batez beste, 11 minutuko zatiak elkarren segidan josita, guztira ia lau orduko bideolana osatu du Zabalak.

Erakusketari hasiera ematen dion hau, baina, ez da naturari eta urtaroen joanari erreparatzen dion obra bakarra. Aretoko sabaitik zintzilikaturiko pantaila batean proiektatzen da Mendibilgo Magnolia (2015-2016). Urtaroen araberako edizio lana egin du Zabalak kasu honetan ere. “Irungo Mendibil parkean dagoen magnolia txinatar hau bizirik dirauen zuhaitz fosil bat da, umetan ezagutu nuen eta hortxe dirau oraindik; baina, nire ustez, gaizki zainduta dago eta bere oroimena gorde nahi izan dut”. Hala, naturaren ziklo osoak islatzen dira bideolanean, 2015eko loraldiarekin hasi eta 2016an hostoak erori eta lore-begi berriak ernetzerainoko prozesua erakutsiz. Gainera, soinua ere editatu egin du Zabalak, zuhaitzaren inguruko soinu anitzak bilduz: Aireportuko hegazkinena, umeen jolasena, trafikoarena, txoriena...

Erakusketak biltzen duen hirugarren bideo-instalazioa ez da aipaturiko biak bezain berria. Videographos (1986) bideo-erretratuen seriez osatzen den lana da. Erakusgelan, beste lanetatik bereizita dago. Bi metro luze eta zabal dituen pantaila batean pertsona bi ikus daitezke: Bernardo Atxaga idazlea eta Jose Antonio Sistiaga margolaria dira. Hizketan ari dira, Zabalak garai hartan Donostian zuen estudioan, baina “esaten dutena baino garrantzi-tsuagoa da beraien jarrera”, artistaren aburuz. “Elkarrizketak garrantzia gutxikoak dira; lanaren oinarrian pertsonen behaketa dago. Nire asmoa izan zen kameraren aurrean jartzea hainbat pertsona, eta horien keinuak eta jarrerak agertzea. Erretratu fisiko bat egiten saiatu nintzen, baina orain konturatzen naiz garai bateko erretratua ere egin nuela. Izan ere, gonbidatuek orduko kezkei buruz hitz egiten dute”, azaldu du Zabalak. Atxaga eta Sistiagaz gain, Jose Luis Zumeta eta Rafael Ruiz Balerdi margolariak, Luis Otaegi argazkilaria edota Zabalaren emaztea bera ageri dira kamera aurrean.

Aipatutako hiru bideolan luzeez gain, zoruan jarri diren monitoreetan 1986. urte inguruan filmatutako 21 lan labur ikus daitezke. Zabala bera ikusiko dugu horietako batzuetan, eta bere inguruko jendea ere bai. Horrez gain, egunerokotasuneko kaleko giro eta soinuak edota orduko gatazkak ere erakusten dira. “Finean, garai hartako instanteak”, egilearen esanetan.

Artista esperimentala Bere ibilbide emankorrean hainbat diziplina jorratu ditu Jose Mari Zabalak: pintura, argazkigintza, zinema, bideoa? “Adierazi nahi izan dudanaren arabera, bide bat edo beste hartu dut, medioari garrantzia gehiegi eman gabe”, jakinarazi du artistak. “Nire motibazioak oso pertsonalak eta hurbilekoak izaten dira beti, eta horien arabera mugitzen naiz. Nire obra barruko nahi bati emandako eran-tzuna da, edo nahi horren emaitza: zirrara bat, sentimendu bat, jakin-mina? Nire ustez, artegintzaren ezaugarri nagusia hori da, edo hori behar luke izan”, azpimarratu du. Diziplina ugari horien artean, soinuari garrantzia handia aitortu dio beti iruindarrak. Soinuarekiko interes hori zinemara eraman zuen lehenik. Hala, 1975. urtean egin zuen bere lehen film luzea, Axut, zinemagintzan ekoizpen esperimental independenterik apenas zegoen garaian. “Frankismo garaia zen, eta esperimentazio arloan ez zegoen ia ezer zineman. Arte plastikoen esparrua, ordea, loraldi betean zegoen, izugarrizko mugimendua zegoen Oteiza eta enparauekin”, oroitu du Zabalak. 22 urteko mutikoa baino ez zen arren, zinearekiko kuriositateak bultzatu zuen abentura horretara. Dena den, filmak ez zuen izan oihartzunik eta laster gelditu zen proiekzio zirkuituetatik kanpo.

Zabalak bere bide propioa egitea erabaki zuen, eta bideogintzan hasi zen buru-belarri, esperimentazioaren bidetik, eta inongo loturarik gabe. “Niretzat, sormena behar bat da, baina ni nire gisara ibili naiz beti, aske. Beti defenditu dut aukera hau. Funtsezkoa da niretzat”, agertu du. Bere ibilia hasi zuenean ez bezala, gaur egun ikus-entzunezkoen alorrean aukera mordoa dagoela dio. “Orain asko esperimentatzen da bideogintzan, badago jende mota bat horrelako gauzetan interesatua, gazteak batik bat, eta erreferente hurbilak nahi dituzte”, uste du.

Artista esperimentatua izanagatik, badu oraindik zer kontatua iruindarrak. Carreras Mugicari Bilboko Azkuna Zentroak hartuko dio lekukoa, eta Zabalaren bideografia emango da bertan, irailean. Artistak aurreratu duenez, oraingo erakusketa honetan agertzen ez diren lan batzuk ere ikusi ahal izango dira bertan, Axut film luzea, besteak beste.