BILBO. Mike Farris gaur egungo AEBetako hegoaldeko rockaren ordezkari entzutetsuenetako bat bihurtu da. Lucinda Williams edo Steve Earle bezala, Farris Tennesseeko Nashville hiriaren hegoaldeko mendietatik dator.

Bere ibilbidea Screamin' Cheetah Wheelies taldeko konpositore nagusi moduan hasi zuen. Izen bereko lehen diskoak Billboard zerrendetan 40. postua lortu zuen eta "Magnolia" bigarren diskoak kritika eta entzuleen errespetua irabazi.

"Egiazkoa eta benetakoa gutxi bezala", Farrisen bakarkako ibilbidean espiritual musika beltz tradiziozkoena berrinterpretatzen eta berraurkitzen hasi zen, hegoaldeko soul nahasketa zaharra gehituz. Hainbat sari irabazi ditu; tartean, 2015ean gospel erroetako disko onenari Grammy saria jaso zuen "Shine For All The People" lanarengatik.

Bira berrian "An evening with Mike Farris and The Roseland Rhythm Revue" izeneko ikuskizun elektrikoa aurkeztuko du, 70 minutuko bi zatiz osatua, eta bere ibilbideko hiru bakarkako lanen errepasoa eta kanta akustiko zein rhythm and blueseko klasikoen bertsio indartsuak egingo ditu.