ARGITARATU gabeko bere obrak guztiak erre, suntsitu. Horixe izan zen Franz Kafka idazleak tuberkulosiaren ondorioz hil aurretik Max Brod lagunari emandako enkargua. Bizi izan zen bitartean argia ikusi ez zuten istorioekin, agian bukatu gabe utzitako batzuekin, ez omen zen geratu nahi bezain konforme, eta haiek desagertaraztea izan zen bere azken borondatea. Brodek, zorionez, esku ezberdinetan zeuden eskuidatzi guztiak batu eta publikatzea erabaki zuen, XX. mende hasierako literaturan iraultza eragin zuen autorearen obra gehienak salbatuz.
Ondare aberats horren gotorleku bihurtu zen atzokoan Arriaga Antzokia, Metamorfosia liburuari egindako omenaldian. Goizeko zortzietatik iluntzera arte, euskal gizartearen arlo ezberdinetako laurehun pertsona inguru josten joan ziren Gregor Samsa merkatariaren istorioa, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako Klasikoen IX. Irakurketa Jarraituan.
Hasierako pasartea Anton Garikanoren ahotan entzun zen, berak ekarri baitu azkenekoz euskarara Kafkaren obrarik ospetsuena. Desafio horretan aitzindari izandako Xabier Kintanak lagundu zion ondoren, gaixotasun batek Rufino Iraola (Metamorfosiaren bigarren itzultzailea) bertaraino hurreratzea galarazi ziolarik.
Haiek irekitako bidean aurrera eginez, lekukoa etengabe mugitu zen eskuz esku goiz osoan zehar: Andres Urrutia euskaltzainburua, EHUko eta Deustuko Unibertsitateko errektoreak, zenbait komunikabidetako kazetariak, asteartean Bilboko kaleak zuri gorriz margotu zituzten Athletic-eko neskak, Aitor Elizegi sukaldaria edota Amparo Badiola dantzaria.
Orduek aurrera egin ahala, termometroek (eta giroak) gora egin zuten, hiriko puntu ezberdinak euskararekin eta Kafkaren literaturarekin zipriztinduz. Eguerdi partean, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok ireki zuen euskal erakundeen ordezkarien txanda, “hiriarentzako oparia” den ekitaldiaren garrantzia azpimarratuz.
Irakurketa luzatu zen hamaika orduetan, ordea, benetako protagonistak euskaltegietako ikasleak izan ziren, atzokoan ikasturteari agur esan ziotenak. Mikrofonoen aurrean jartzeak dakarren urduritasuna nabaria zen batzuen aurpegietan, baita urteroko irakurketa honetan beterano direnen artean ere. “Beste edizio batzuetan ere parte hartu dugu eta datorren urtean errepikatzeko gogoz gaude”, zioen Bilbo Zaharreko ikasle talde batek, haien zatiak irakurri ondoren.
Teknologia berriei esker, Bilbotik munduko txoko guztietara zabaldu zituzten Metamorfosiaren pasateak. Espainiar Estatuko zein kontinente ezberdinetako euskal etxeek -Mexico, Vancouver, Erroma, Alemania, Tokyo edota Sydney, besteak beste- ez zuten Bilboko hitzordua galdu naiz izan eta grabatutako zenbait bideo helarazi zituzten, eguneko une ezberdinetan tartekatu zirenak.
Bilbo Zaharreko Pedro Alberdiren parte hartzeak itxi zuen aurtengo topaketa, nahiz eta eguna erromeria batekin agurtu zuten. 2017koa edizio berezia izango da, Klasikoen Irakurketak hamar urte beteko baititu orduantxe. “Urteurrenekin asko joka-tzen dugu eta datorren urtean gurea da, agian zeozer egin dezakegu baina momentuz ez dugu ezer buruan”, dio Alberdik. Datorrena datorrela, literaturak eta euskarak bat egiten jarraituko dute urtero Arriagako plazan.