Síguenos en redes sociales:

Aitor Narbaiza: “Euskal artisten itaun eta proposamenei erantzun nahi genien”

Bilbon ospatuko den Loraldiak “parte hartzaile guztiak maitemintzea” lortu duela uste du jaialdiko antolatzaileak, Euskal Herri osoko ikusleak erakarriz

Bilbo - Ilusioz betetako “erantzuna” da Loraldia. Euskal Herriko artista eta eragile askoren itaun eta proposamenen aurrean jaio dena. Hala planteatu dute Loraldia jaialdiko antolatzaileek. Iaz eskaini zituzten “pintzelada” horiei jarraituz, “jaialdi oso bat” planteatu dute bigarren edizio honetan, urtean zehar euskal kulturari lotutako proiektu ezberdinetan lanean jarraitzeko konpromisoa hartuz.

Lau egunetik hamaseirako aurrerapausoa eman duzue. Zer dela eta aldaketa hori?

-Guk hasieratik asmo handiko proiektu bezala ikusten genuen Loraldia, eta iaz pintzelada batzuk botatzera animatu ginen. Aurten, babesle berriekin batera, planteatu dugu jaialdi oso bat egitea eta horretarako egunak zabaltzen joan gara. Programazioa hiru asteburutan zentratuko dugu, nahiz eta astean zehar ere ekin-tza asko egongo diren.

Ikuskizun gehienek diziplina ezberdinak uztartuko dituzte, gainera.

-Hala da. Naturala iruditzen zaigu euskal kultura ere horrelakoa delako. Ekintza asko multimedia dira eta hori islatu nahi dugu. Naturala izan da baita ere aurten emakumeek hartu duten presentzia nabaria; pozgarria da eta normaltasun osoz ikusi behar da.

Hurrengo urteetara begira heda-tzen jarraitu nahiko zenukete, agian urte osoko eskaintza baten bitartez?

-Bai, erantzun bat bezala plantea-tzen dugu jaialdi hau. Ikusten genuen euskal artisten aldetik galdera eta proposamen batzuk zeudela eta erantzuna eman nahi genien. Orain jaialdian zentratuak gaude, baina Loraldiak beste bi zutabe ditu: alde batetik, eskoletan umeekin lantzen duguna; bestetik, Plaza izeneko proiektua, egun hauetan estreinatzen ditugun ikuskizunek Bilbotik kanpo beste ibilbide bat izan dezaten eta Euskal Herrian zehar zabaldu daitezen.

Izan ere, Euskal Herri osoko jendea hurbildu zen iaz Bilbora.

-Bai, eta arreta deitu zigun nola jendeak esaten zigun lehenengo aldia zela Loraldira etortzen zirela eta pentsatzen zuten ibilbide luzeko jaialdia zela, urtero Bilbon egiten zena.

Nolako erreakzioak jaso zenituzten?

-Oso positiboak denak, baina batekin geratuko naiz. Jendearen kezka zen ea ez bazen lore bakar baten loraldia izango, hau da, ea etorkizunean mantenduko zen, euskal kulturak behar zuelako halako zerbait. Pozgarria izan da beste leku batzuetan Loraldia bezalako ekintza gehiago jaiotzen ari direla ikustea. Ea horrelako beste hainbat sortzen diren, denon ardura baita euskarazko kultura bultzatzea.

Aurtengo spot-ean dei kate baten ideia landu duzue. Loraldiaren talde lanaren seinale?

-Erabat. Hori da gure lan egiteko modua. Batak besteari deitzen dio, honek beste bati... leku guztietatik proposamenak jasotzen ditugu eta gure programazioa ez da buru bakar batetik ateratakoa. Jende asko dago gure atzean, horregatik nabarmendu nahi genuen sarearen ideia hori.

Iaz, Anton Abbadia izan zen egitarauaren erdigunea. Joera horri jarraipena emango diozue?

-Guretzat Abbadia aurkikuntza bat izan da. Lore Jokoen izpiritua mantenduko dugu baina aurten ez dugu bere irudiari lotutako ikuskizunik izango. Datorren urtean, agian, berriro ikusi ahal izango dugu.

Apirilean bi aste izango dituzue aurretik. Zer espero duzue?

-Egia esan, ez dakit zer gertatuko den. Interesatzen zaiguna da jakitea nolako pultsoa hartu diogun euskaraz egiten den kulturari eta zelan jasoko duen publikoak. Momentuz erraztasun guztiak izan ditugu, parte har-tzaile guztiak proiektuarekin maitemintzea lortu baitu Loraldiak.