donostia - Oporretara joan zen urte batean, Bernardo Atxagak bakarrik utzi zuen bere txakurra, Xola. Atxagaren anaia animalia zer moduz zegoen ikustera joan zenean, manta baten azpian gordeta aurkitu zuen. “Anaiak istorioa kontatu zidanean, txakurrak zer esango lukeen pentsatu nuen, eta horrela sortu zen Xolaren abenturak kontatzeko ideia”, azaldu zuen atzo Atxagak. Hala ere, lan bakana izango zenak bost liburu ekarri ditu atzetik, momentuz, orain kaleratu baitu Erein argitaletxearekin batera Xola eta lapurra, hain zuzen, bildumako bosgarren alea. Lehenengoko hura Xolak badu lehoien berri (1995) izan zen.

Idazle asteasuarrak jada oso ondo ezagutzen du duela hogei urte sortu zuen pertsonaia. “Xola, batez ere, oso inuzentea da, eta ez da ohartzen bera nolakoa den”, azpimarratu zuen Atxagak atzo. Bere ustetan, txakurrak pentsatzen du erraz egingo duela nahi duen guztia, baina talka egiten du errealitatearekin. Adibidez, istorio batean lehoi bihurtuko dela uste du, eta, beste batean, basurdeak erraz harrapatuko dituela pentsatzen du, ardiak direlakoan. “Egia esan, ez du inoiz ikasten, behin eta berriz akats berberak egiten baititu eta inuzenteegia izaten jarrai-tzen du”, gaineratu zuen Atxagak. Oraingoan, Xolak lapurrei buruzko istorioak entzungo ditu, eta beldurra eta jakin-mina nahastuko dira bere burmuinean.

umore zuria Haurrak liburua gustura irakurtzeko erabiltzen duen erreminta nagusia umorea da, “zuri-zuria, klownek erabiltzen dutena bezalakoa, pixka bat burlatia”. “Hasieratik, nire eragin zuzenak lotuta egon dira umorearekin, adibidez, Charles Dickensen Pickwick klubaren paper postumoak liburuarekin”, agertu zuen. Gainera, haurrekin (edo haurrentzako) erabiltzen duen umorea poesiatik nahiko gertu dagoela adierazi zuen. “Gaur egun, diskurtso zurrun asko dago, eta umoreak distantzia pixka bat jartzen laguntzen digu”, esan zuen. Xolaren istorioek ideia horri jarrai-tzen diote eta, gainera, antiautoritario izateko nahiari ere bai. Hala ere, umore popularra baino “finduagoa” da bilduma honetakoa. Atxagak Mikel Valverde ilustratzailearen lana ere goraipatu zuen, umore puntu hori ondo baino hobeto islatzen dakielako. “Artista berezia da, ez da ohikoa, bere marrazkietan umorea baitu”, adierazi zuen asteasuarrak, eta “txakur hau nahastezina” bihurtu duela ere aitortu zuen.

Bestalde, umorea beti hor dagoela justifikatzeko, anekdota bat kontatu zuen. Izan ere, urtarrilaren 19an urteko egunik tristeena da irlandan eta The Irish Times egunkariak Atxagaren Xolaren abenturak liburua -bere istorioen bilduma bat- gomendatu zuen jendea animatzeko eta haien tristura uxatzeko. “Behin eduki nuen tentazioa dibertigarria ez den zerbait egiteko, baina azkenean ez egitea erabaki nuen”, kontatu zuen, umorearen garrantzia berriro azpimarratuz.

haurrei iristeko ahalegina Ingelesez ateratako liburuak arrakasta handia izan zuen eta aurreko astean Atxaga Londonen izan zen Marsch saria jasotzen. “Beti jakin izan dut ilustrazioak eta elkarrizketak garrantzitsuak direla haur literaturan, baina oraingo honetan beste zerbait ikasi dut: aktorearen beharra”, azpimarratu zuen gipuzkoarrak. “Londonen, aktore batek nire pasarte batzuk irakurri zituen, eta haurrak hipnotizaturik begiratzen zioten”. Bere iritziz, Euskal Herrian ere teknika hori erabiltzea ideia ona litzateke. “Ahalegin hori egin beharko litzateke saltzeko”, nabarmendu zuen, etorkizunera begira. Egin duena interesatzen zaiolako, baina, batez ere, “egingo dudana”.

Atxagak ez daki noiz idatziko duen Xolaren hurrengo istorioa, baina jada badaki zein gai erabiliko duen. Xola eta pintura modernoa izena eramango du eta museoen ingurukoa izango da. Txakur protagonistak Gioconda ikusi nahiko du Louvren, baina hainbeste jenderekin oso zaila egingo zaio: “Gaur egun, bizi-tza modernoak sortzen dituen egoerak harritzen naute; duela urte eta erdi Parisen izan nintzen, eta museo guztiak bete-beteak zeuden, ezin izan nuen ezer ikusi, eta hori islatuko dut hurrengo abenturan”.