BILBO - Jaio zenetik Eki haur ezberdina zela jakin zuten Alaik eta Maiderrek. Amaren sabeletik irten eta berehala gorri-gorri jarri eta “sekulako jenioa” zeukala argi utziz. Hilabeteek aurrera egin ahala, umearen portaera ezohiko batzuk argi-tze aldera zenbait mediku bisitatu izan dituzte hirurek, erantzun argirik jaso gabe. Horregatik, bere semea superheroi bihurtu du Zubimendik, kolorez eta umorez betetako istorio batean.

Aurten irabazle gisa errepikatzen duzu KMK lehiaketan, baina oraingoan oso bestelako lan batekin.

-Hala da, antolatu zen lehenengo edizioa ere irabazi nuen eta ordutik behin baino gehiagotan aurkeztu izan naiz. Gogoratzen dut lehenengo aldiz parte hartzea erabaki nuenean lan aldetik oso gauza gutxi ateratzen zirela eta horrek asko animatu ninduen aurrera egitera eta nire hurbileko gauzak istorio bihurtzera.

Nola sortu zen komikiaren ideia?

-Duela 21 hilabete nahiko jaiotza gogorra izan zuen nire semeak eta hau ospitalez ospitale bizi izan dugun presio guzti hori bideratzeko modu bat izan da. Maiderri, bere amari okurritu zitzaion hari buruzko komiki bat egitea. Jaio zenean mala letxe handiarekin eta oso gorri zegoen, eta Hulk ematen zuela esan nuen. Komentario horrek bidea eman zuen istorioa komiki bihurtzeko.

Gainera, superheroiaren metafora erabili duzu.

-Bai, berak egiten dituen gauza berezi guzti horiek alde positiboa ere badutela irudikatu nahi nuen, eta nola egunez egun bere burua ere superatzen dihoan.

Lehenengoz aurkeztu zinenean lan-egoera zaila zela aipatzen duzu. Gaur egun, aldatu al dira gauzak euskal komikigintzan?

-Gaur egun ere antzekoa da egoera. Komikigintzatik bizitzea oso zaila da, baldin eta ez bazara beste herrialde batzuetara joaten edo ez bazara gainerako guztietatik bereizten. Hori dela eta, hartu dezakezun bide bat da komikiak egitea eta, horrez gain, testu liburuetako irudiak marraztu, tailerretan parte hartu, hitzaldiak antolatu... Marrazkilari bezala hainbat gauza eginez aurrera atera zaitezke. Horregatik eskertzen dira lehiaketa hau bezalako proposamenak, honen gisako sariak jasotzeak asko motibatzen zaituelako eta arlo profesionalean ateak ireki ditzakeelako beste zenbait gauzetarako.