BILBO. CircoLoco klubaren DJ egoiliarra da. Fabric eta Panorama aretoetan musika jarri du, baita Ultra Music Festival (Miami), Global Gathering (Erresuma Batua), Lollapalooza (Chicago) eta Coachella (Kalifornia) jaialdietan ere.

Bere estudioko ekoizpenek aipamen ezagunak jaso ditu: Resident Advisor-ek (Erresuma Batua) 2010eko onenen artean sailkatu zuen abesti bat, 2011n iTunes-en haren diskoa elektronika ataleko onenen artean izan zen (bigarrena), eta urte horretan bertan Beatport saria jaso zuen, abesti onenari. Horrez gain gaur egungo diskoetxe gailenetako baten (No.19 Music) jabe da.

Jonny Whiten aurretik, DJ Frontside-k hasiko du gaua. Jean-Michel Basquiat -haren erakusketa dago ikusgai- omenduko du Pedro Santa Cruz Alonso 1975ean jaiotako bilbotar artista plastikoak. Basquiatek entzuten zuen musikaz osatutako saioa prestatu du, bereziki, jazz, bebop, hasierako hip hop eta new wave soinuekin.

Horrez gain, Brooklyngo artistak berak 1979an sortutako Gray taldearen abestiak ere jarriko ditu; Basquiatek klarinetea eta sintetizadorea jotzen zituen, eta Grayren musika industrial noise esperimental gisa deskriba daiteke. DJ Frontsiden saioa New Yorkeko sortzailearen munduan murgilduko ditu ikus-entzileak doinuen bidez; bidaia horretan klasikoak eta soinu lisergiko eta industrialak izango dira, Basquiaten unibertsoan sakontzeko.

Ondoren Blackboard Jungle Frantziako taldea arituko da, reggae eta dub soinuez gaua girotzen. 20 urteko esperientzia du eta 30.000 watteko soinu-sistema baliatzen du; horri esker munduko dub eta sound system giroetan talde gailenetako bat da: Europako reggae jaialdi garrantzitsuenetan izan da, besteak beste, Rototom-eko Dub Academyn. Estudio baten eta diskoetxe baten jabeak dira.

Denboraldiko lehenengo Art After Dark saiora Guggenheim Bilbao Museora bertaratzen direnek aukera izango dute "Jeff Koons: atzera begirakoa" eta "Jean Michel Basquiat: Bada garaia" erakusketak eta Shahzia Sikanderren Paralajea (Parallax) bideoinstalazioa ikusteko. Sarrerak (18 urtetik gorakoentzat bakarrik) 13 euro balio du publiko orokorrarentzat eta 9 euro Museoaren Lagunentzat. Ikusle kopuru mugatua da.