BILBO - Bilbao BBK Live jaialdiaren bederatzigarren edizioaren arrakasta bermatuta dagoela nabarmendu zuten atzo Last Tour International taldeko antolatzaileek, jaialdia hasteko oraindik hiru aste falta direnean, dagoeneko agortu baitira salgai jarritako sarrera guztiak. Horrek esan nahi du 120.000 pertsona izango direla aurten Kobetamendin uztailaren 10, 11 eta 12an. Izugarrizko balentria dirudi, eta jaialdia erabat finkotuta dagoela ziurtatzen du.

Modu honetan, eta antolakuntzak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, jaialdiaren marka berria ezarriko da, aurreko langa 10.000 pertsona baino gehiagoan gaindituz. Aurreko marka hori 2012ko edizioan lortu zen, 109.178 pertsonak bisitatu zutela Kobetamendiko tontorra. Gainera, antolakun-tzak argitu du jaialdirako sarrera guztiak agortu direnez, Kobetamendiko leihatiletan ez dela inolako sarrerarik salduko.

Halaber, gogorarazi du kanpa-tzeko gunean 15.000 plazako kopurua bete dela. Kanpalekuan lehen baino 3.000 bat lagun gutxiago sartuko dira, edizio berri honetan hobekuntzak ezarriko direlako toki erosoagoa eta zerbitzu hobeak eskaintze aldera. Kale seinaledunak, kanpin denden kokapena hobeto erakusteko, edo jada instalatuta eta erosotasun guztiekin hornituta dauden kanpin-denden alokairua eta supermerkatua izango dira berrikuntzetako batzuk han goian. Iaz nahikoa arazo bizi izan ziren. Batetik, garraio kontuekin arazoak izan zirelako; bestetik, Arraitz mendian jarritako hornidurak urri samarrak zirelako hainbeste jenderentzat. Hori dena kontuan izan dute aurten Last Tourrekoek eta hortik datoz hobekuntzak.

Jakina denez, Bilbao BBK Live jaialdiaren bederatzigarren edizioa uztailaren 10, 11 eta 12an ospatuko da, Kobetamedin (Bilbotik lauzpabost kilometrora dagoen mendi batean), eta, besteak beste, The Black Keys, The Prodigy, Franz Ferdinand, Phoenix, Crystal Fighters, Jack Johnson, MGMT, The Lumineers, Band of Horses edo Bastille moduko talde eta artistek joko dute. BBK Live jaialdiak talde bikainak eta mitikoak hartu ditu azken urteotan. Hasieran kutsu rockanroleroagoa zuen eta bertatik pasatu ziren Dio, Metallica, Iron Maiden, Guns N´roses, Kiss edo Judas Priest bezalako talde heavyak, baina azken urteotan pop eta rock estiloak egiten dituzten taldeak aukeratu dituzte, hautuak jende multzo zabalagoan eragin duela. Beste askoren artean, Bilbotik pasatu dira REM, The Police, Placebo, Pearl Jam, Coldplay, Depeche Mode, The Cure edo Radiohead bezalako talde indartsu eta ezagunak. - Europa Press