Bilbo. Bloko del Valle elkarteko Gotzon Cañadak Kenian garatzen duen egitasmoaren berri eman zionean Iker Sánchezi -hots, Euskadiko Ikasleen Orkestrako (EIO) zuzendari denari-, liluratuta utzi zuen hau. "Balio pedagogikoaz gain, bestelako errealitateak ezagutzeko parada eskaintzen du", irizten du Sánchezek.
Horregatik erabaki zuen Lamuko perkusionisten erritmoarekin bat egitea, datorren urtean hamar bat musikari keniatarrek eskainiko duten nazioarteko biraren aitzakiaz. Erroman emango diote hasiera, Santa Ceciliako Orkestra Gaztearekin batera arituko direla. Izan ere, talde honekin iaz antolatutako kontzertuak abian jarri zuen Elkarbizitzarako danborrak bira.
Horren ostean Euskadin joko dutenez, EIO-ko musikari gazteekin 15 eguneko egonaldia igarotzea aurreikusi dute Gasteizen, apirila aldera. "Ingelesez elkar ulertuko diote gehienbat; halere, eta topikoa dirudien arren, musikaren lengoaia unibertsala izango dute lagun", adierazi du. "Ororen gainetik, energia asko eta lokarri bereziak sortuko direlakoan nago", iragarri du.
Abuztu honetan, Lamuko perkusio eskola bisitatzeko asmoa du. Horrela, bertako musikariekin hasi ahal lituzke entseguak egiten.
Talde batak zein besteak, amankomunean izango dute Afrika (África, jatorrizko izenburuan). Donato Goienetxek konposatua eta Tomás Aragüések orkestratua, estreinatu gabeko obra sinfoniko-korala da, eta izenburua kasualitate hutsari zor zaio. "Orain dela pare bat urte obra hau zuzentzea proposatu zidaten -dio Sánchezek-, baina orain Lamukoekin batera jotzea aukera paregabea dela uste dut nik".