Asteazken honetan goizean, Bizkaiko Foru Aldundiak Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko saileko Berdintasun Zuzendaritzak sustatutako 'Jaietan Aliatuak / Vigilantes de la Jaia' izeneko kanpaina aurkeztu du. Ekimen horren helburua jaietan indarkeria matxistari aurre egitea da.
Kanpaina ibiltaria berriro zabalduko da arrantzaleen zapia inprimatuta duen erreskate-torpedo erraldoi batez apaindutako furgoneta baten bidez, erantzukidetasunaren eta konpromisoaren aldeko mezu argia zabaltzeko.
Ibilgailua Bizkaiko hondartza, kontzertu eta jaietan ibili da uda osoan zehar, eta informazio-materialak, zapi tradizionalak eta sakelakoetarako zorro iragazgaitzak banatu ditu, mezu argi batekin: ez dago erasorik erantzunik gabe.
Kanpainaren aurkezpenean, Teresa Laespada foru-diputatuak gogorarazi zuen emakumeok gure gorputzaren eta gure erabakien jabe garela. Esan zuenez, gizonen eskubide bera dugu espazio publikoez, jaiaz, gauaz eta udaz gozatzeko. Adierazi zuen jai-eremu bakoitza askatasun-, errespetu- eta konpromiso-eremu bat ere izatea nahi zutela. Horregatik, gizonei eskatu zien ez begiratzeko beste aldera, jazarpen-jarrerak gaitzesteko eta aktiboki inplikatzeko sexu-indarkeriaren prebentzioan.
Kanpaina amaitzeko egutegia
Abuztuko azken egunetan eta irailaren 7ra arte, furgonetak zenbait herri bisitatuko ditu, hala nola Ondarroa, Lekeitio, Bermeo, Bakio, Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi, Getxo, Berango, Sopela eta Plentzia, baita Ereaga (Getxo) hondartza eta Elorrioko eta Plentziako jaiak ere, besteak beste.
Dispositiboa aktibatuta egongo da gauez (20:00 - 00:00), eta eguneko tarte batzuetan, kostaldean (12:00 - 16:00), eta presentzia handiagoa izango du jaietan jarduera gehiago biltzen duten espazioetan.
Biktimentzako zuzeneko arreta: Ledesma eta Ate Morea
Kanpaina indarkeria matxisten aurrean esku hartzeko estrategia global baten barruan kokatzen da. Kanpaina horrekin batera, Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko Gizarte Kohesio Sustatzeko Zuzendaritzak bultzatutako bi zerbitzu publiko daude, emakumeei arreta profesionala, isilpekoa eta eskuragarria emateko, sistema publikoarekin harremanetan jartzen diren lehen unetik:
- Sexu-indarkeriaren biktimei arreta emateko zentro espezifikoa. 2023aren amaieratik dago martxan Bilboko Ledesma kaleko 10 bis zenbakian, eta berehalako arreta, laguntza profesionala, laguntza emozionala eta legala eta deribazio espezializatua eskaintzen ditu. 900 840 977 telefono-zenbakia, atencionviolenciasexual@bizkaia.eus helbidea eta www.bizkaia.eus webgunea erabili ahal dira harremanetan jartzeko.
- ATE MOREA, uztailetik aurrera martxan dagoen baliabide berria. Bilboko Manuel Allende kaleko 10. zenbakian dago, eta zuzeneko arreta eskaintzen die 14 urtetik gorako emakumeei; ez da beharrezkoa salaketarik edo erroldatzerik egitea edo administrazio-egoera erregularizatzea. EDE Suspergintzak kudeatzen du, eta esku-hartze sozialean, juridikoan eta psikologikoan espezializatutako talde profesional bat du. 688 881 353 telefono-zenbakia, atemorea@bizkaia.eus helbidea eta www.atemorea.org web-orria erabili ahal dira harremanetan jartzeko.
Gero eta sentsibilizazio handiagoa dagoen arren, Bizkaiko Indarkeria Matxistaren Behatokiaren datuak kezkagarriak dira oraindik ere: 2025eko maiatzera arte, Ertzaintzak 162 sexu-eraso zenbatu ditu, aurreko urtean aldi berean erregistratutakoak baino % 19,12 gehiago.