LTT: "Oraindik identifikatzen gara abesten dugunarekin"
Asko eta asko dira Lin Ton Taunen triki-rockaren doinupean plazetan eta gaztetxetan dantzan ero moduan ibili diren euskal gazteak. 1991 inguruan elkartu ziren Eneko Iribar (bateria), Jon Rezabal Munatxo (panderoa eta ahotsa), Bitor Tena Biti (baxua), Apolinar Etxeberria Apolio (gitarra), Raul Olaizola (gitarra) eta Joseba Illarramendi (soinua eta ahotsa). Hamar urte inguruko ibilbidean, maketa bat eta lau disko kaleratu zituzten, Lin Ton Taun (1992, Esan Ozenki), Nola esan dek? (1993, Esan Ozenki), Baneki (1997, DRO) eta Micro (2000, DRO). Ehunka kontzertu eskaini zituzten gainera Euskal Herriko mugez barruko zein kanpoko txokoetan.
Orain pare bat hilabete piztu zen itzuleraren lehen izpia, herriko eta taldeko hainbat lagun kontzertu batera elkarrekin joan eta han sortu zen komentarioa: "Noiz edo noiz jo beharko dugu ba kontzertu bat geuk ere!". Ez zekiten handik gutxira proposamen erakargarri bat jasoko zutenik, Zestoan antolatzen ari ziren Patana Fest jaialdiarena, hain zuzen. "Orduan jada serioago planteatu genuen kontzertua jotzearen aukera", azaltzen du Illarramendik. Hala, Patana Fest bultzada izan da oholtzara itzultzeko. "Lehen entsegu bat egin genuen nola geunden ikusteko eta aurrera egitea erabaki genuen". Konplikatuena lehen entsegu hura izan dela diote, kantuak gogoratzea zekarrelako. Ondorengoetan, ordea, gero eta erosoago sentitzen joan dira eta gaur halaxe igoko dira oholtzara, gozatzera. Olaizolak dioenez, gauza asko gogoratzea dakar itzulerak: "Gainera, ilusioa denok dugu, baina bakoitza momentu desberdinean harrapatu gaitu eta modu desberdinean bizitzen ari gara. Ni, adibidez, Grisesekin nabil eta oholtzetan nabil etengabe, baina zenbaitentzat urte dezenteren ondoren oholtzara itzultzea da; edonola ere, gustura gaude denok". Gehientsuenak oholtzetan aspaldi ibili ez arren, denek jarraitu dute jotzen. Beraz, zailtasun bakarra kantu zaharrak oroitzea izan da. "Bestelako zailtasun teknikorik ez dugu izan, instrumentuak jotzen denok asmatu dugu, lehen baino hobeto, gainera", dio Illarramendik.
Doinuak ez ezik, letrak gogoratzea ere ekarri die aldi berri honek. Taldea sortu zenetik 20 urte pasa direnean, ordea, ohartu dira orduan sortutako letrek eta ondorengoek ez dutela gaurkotasunik galdu. "Beti jorratu izan ditugu gai sozialak eta pertsonalak-dio Illarramendik-, eta egia esan, orduko arazo sozialak eta gaur egungoak antzekoak dira. Oraindik identifikatzen gara abesten dugunarekin".
Gauzak etorri ahala hartuz Momentuz kanta berriak egiteko asmorik ez dute zestoarrek, izan ere, "desberdina da lehengo kantuak gogoratu eta jotzea edo kantu berriak egitea; sormen lanak beste dedikazio bat eskatzen du, lan egiteko beste modu bat. Momentuz ez gaude horretan, baina batek daki!", diote. Taldearen itzulerak espektazioa sortu du Zestoan, inguruetan, baita Euskal Herrian oro har ere. Baina, onar-tzen dute jendea ezustean harrapatu duen bezala harrapatu dituela beraiek ere, hasieran ez bai-tzuten ezeren asmo garbirik. Aurrez ez zegoen ezer pentsatua edo planifikatua, gauzak etorri edo gertatu bezala kudeatzen joan dira. "Gauza ezohikoak gertatu dira egia esan, entseatzen hasi eta bi astera toki batetik jotzeko deitzea bezala -aipatzen du Olaizolak-; orduan goizegi zen erantzun bat emateko, geuk ere ez baikenekien artean zeintzuk ziren gure asmoak". Laster ikusi zuten, ordea, erabaki batzuk hartzeko beharra eta erabakita dute, esaterako, itzulera hau ez dela gaurko kontzertuan hasi eta amaituko, jarraipen bat izango duela, alegia: "Akaso ez dira kontzertu pila bat izango, baina, gaurkoaz aparteko data batzuk konfirmatzen ari gara", aurreratu dute. Laster emango dute horien berri.
Jaialdi berri bat jaio da Gaur arratsaldeko 18:00etan hasiko da Zestoan Patana Fest 2013. Herriko hiru gazteren ekimenez eta beste askoren laguntzaz lehen aldiz antolatu den jaialdia da. Lin Ton Taun taldearen itzulerarako oholtza perfektua izango da Patana Festekoa, euren txanda iristerako ongi baino hobeto berotuko baitute publikoa gainerako taldeek. Malder talde zestoar sortu berri eta indartsuaren ostean, euren bigarren lan paregabea, Nora? aurkeztuko du Kasik taldeak. Atzetik ariko dira Wilhelm and the Dancing Animals iruindarrak, folkari keinu egin eta zuzeneko indartsu, alai eta berezia eskainiko dute. Skasti zarauztarren ska, funk eta estilo nahasketak dantzan jarriaraziko ditu ikusleak, eta hala jarraitu besterik ez dute izango Grisesen txanda heltzean, euren bigarren lana, No se alarme señora, soy soviético aurkeztuko dute herrian bertan. Lin Ton Taunekoen txanda izango da ondoren eta jaialdia ixten izango dira Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi eta euren kalitate apartagatik zeresan handia ematen ari diren Belako bizkaitarrak. Informazio gehiagorako, ikus www.patanafest.com webgunea.