DONOSTIA. Amets Arzallus hendaiarrak hirugarren aldiz irabazi zuen larunbatean Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsolari Txapelketaren finala. Hendaiarak eta Odei Barrosok jokatu zuten buruz burukoa ikusteko bi mila lagun inguru bildu ziren Baionako Lauga gelan. Emile Larre euskaltzainak, apaizak, idazleak eta Herria-ko ohorezko zuzendariak jarri zion Ametsi txapela "hunkigarria" izan zen ekitaldian.
Txapeldunaren agurra honakoa izan zen:
Hitza da gure joko partzela/
edo uste dut lehen hola zela/
Orain zonbaiti hitz egitea/
bihurtu zaio kartzela/
Beharrik gure bertso eskoletan/
berrehun haur bazeretela/
Jar ezazue txapela/
eta erakutsi ez dakitener/
hitza jostatzeko dela.
Bertsularien Lagunak elkarteko kideek adierazi zutenez, "saio ederra" egin zuen 784 puntu eskuratu zituen irabazleak Odei Barroso (761,5), Sustrai Colina (448,5), Maddi Sarasua (414), Eneritz Zabaleta (405,5) eta Xumai Murua (387,5) bertsolariekin batera. Lehenengo bostek izango dute datorren urtean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzeko aukera.