donostia. Bi anai filmeko imajina harrigarri eta indartsuenetako batean, Atxagaren irudi literario ezagunenetako bati egiten zaio erreferentzia: sugeak txoriari eragiten dion egoera hipnotikoari. Sugeak txoriari begiratzen dionean narrazioa Bi anai baino urtebete lehenago argitaratu zuen idazle asteasuarrak. Ez da zilegi irudi horren inguruko xehetasunak aurreratzea -irakurleak berak ikustea litzake hoberena-, baina interesgarria da eszena bera grabatzearen esperientzia en-tzutea, Imanol Rayo zuzendariaren ahotan. "Horrelako saiakera batek oztopoak planteatzen ditu hasieratik. Produkzio eta arteko arduradunek eragozpen horien berri eman ziguten. Oso zaila da animaliekin filmatzea, baina deigarria izan da".
Izan ere, sugea eta txoria ez dira Imanol Rayoren opera priman ager-tzen diren animalia bakarrak, kasu honetan istorioa narratzearen ardura kendu badiete ere. Bi anai eleberriarekin konpartitzen du, baita ere, katagorri baten parte-hartzea. Rayok jakinarazi duenez, irudi horien grabaketa "ondo atera zen". Baita sugearen eta txoriaren artekoa ere. "Hor ez da manipulaziorik. Naturak eman diguna hartu dugu. Trukorik gabe", azpimarratu du.
Bernardo Atxagak, euskarazko idazle irakurri eta itzulienak, 1985ean argitaratu zuen Bi anai. Euskal literaturaren lehen lerrora eraman zuen lan honek, Espainiako Kritikaren Saria jasotzeaz gain. Ez da pantaila handira eramaten duten Atxagaren lehen lana; aurretik Obaba (Montxo Armendariz) eta Zeru horiek (Aizpea Goenaga) zinemaratu baitzituzten.