XX. mendearen erdialdera, ohikoa zen estraperloa Bidasoa ibaiak markatutako mugetan. Denetik pasatzen zuten kontrabandistek, tartean euskarazko disko eta liburuak. Hala gogoratzen du Txomin Artola abeslariak Pako Aristiren Euskal Kantagintza Berria 1961-1965 (Erein, 1985) liburuan: "Disko haiek ekar-tzean beldurrez ibiltzen ginen, oso kontrabando gaiztoa egiten genuela iruditzen zitzaigun, ez zen kafea edo Remmy Martin ekartzea, disko haiek azalean ikurrina zeukaten".
Kantariak aipatzen dituen album horiek Mixel Labeguerie musikari lapurtarrak 1960ko hamarkadan argitaratutakoak dira. Labeguerie"ren lau kanta zioen disko haietan lehenak. Orain dela 50 urte Goiztiri zigilu historikoak kaleratutako abesti eskukada hura, baina, nahikoa izan zen euskal kantagintza berriari ateak irekitzeko.
Data zehatza ezagutzen ez bada ere, lehen euskarazko disko modernoaren jaiotza 1961an kokatu du, orain arte, euskal musikaren historiak. Urte hartan, Donostiako Erbiti musika dendan erositako gitarra batekin, lau kanta grabatu zituen Mixel Labeguerie mediku, politikari, euskaltzale, eta musikari zenak. Ez zuen imajinatu ere egingo, ziur aski, eragitera zihoan lurrikara.
Gizon ezaguna zen Iparraldean Labeguerie (Uz-taritze, 1921-Toulouse, 1980). Bordelen eta Parisen mediku ikasketak amaitu eta Kanbon hasia zen la-nean. Txistua jotzen zekienez, dantza talde zenbaitetan zebilen. Eus-kaldun Gazteen Batasuna eta Euskaltzaleen Biltzarreko kide zen, eta bertsolaritza ere maite zuen. Iturri horietatik edan zuen kantari lapurtarrak. Gainera, chanson française delakoa barneratua zuen.
Konpromiso politikoak, berriz, Enbata aldizkariaren inguruko abertzale mugimendura eraman zuen, Ximun Haran, Jakes Abeberri, Jean Louis Davant eta Piarres Larzabalekin batera. Hara hor Labeguerieren lehen diskoan parte hartu zuten bi lagun. Ximun Haran pilotari eta euskaltzale ezagunaren "bi pistako magnetofoi zaharrarekin" egin zuten lehen grabaketa. Abesti batzuren letrak, berriz, Piarres Larzabalen sormenaren ondorio dira.
Lan horren emaitza izan ziren 1961eko disko hartan jasotako abestiak: Aurtxo aurtxoa, Primaderako liliak, Gudari euskaldunaren kantua eta Bakearen urtxoa. Kanta biluziak dira guztiak, Labeguerieren ahots leunean eta gitarra baten akordeetan oinarrituak. Euskal abertzaletasunaren ikutua dute guztiek, Primaderako liliak salbu.
misterioa Gaur egun zaila da sinestea horrelako grabaketa sinple batek zenbateraino baldintzatu zuen euskal musikaren etorkizuna. Benito Lertxundik gogoan du bildumaren berri izan zutela 1965ean Ez Dok Amairu taldeko lehen bileretan. "Oso zaila da azaltzen inpresio hura. Bazuen halako misterio bat. Frankismoa zen eta klandestinitatean, bat-batean jakitea Iparraldetik, alkate eta mediku batek kanta haiek egiten zituela... Misterio handi bat zen. Oso disko subertsiboa zen garai hartan", gogoratu du Orioko abeslariak.
Disko haren aurrekari bezala aipatu ohi dira Nemesio Etxanizen Kanta-Kantari liburua (1951) eta Bilbon 1950eko hamarkadaren amaieran sortutako Soroak taldea. Labegueriek bazuen haien guztien berri.
Aitzindariak baziren ere, Mixel Labeguerieren lehen disko haiek -bigarrena 1963an grabatu zuen- sinbolo bihurtu ziren garaiko musikarientzat. "Izugarrizko garrantzia izan zuten euskal kanta herrikoiaren estilo aldaketan, gitarra soilez lagunduriko kantak baitziren, ahots partikular bezain apal eta arruntez kantatuak, molde komertzialei zegozkien amaneramendu eta sofistikazio guztietatik urruti", agertu zuen, Euskal Kantagintza Berria liburuan Xabier Letek.
Labeguerieren lehen disko haiek euskal kantagintzari "hasiera" eman ziotela uste du Lertxundik: "Bazeuden koroak, otxoteak eta abar betiko gauzak kantatzen, baina beste tokietan egiten zen hori oraindik ez. Guretaz beste musikari batzuk aipatu izan dutenez, gitarrarekin zenbait kantu euskaraz abesten ikusten gintuztenean, esaten zuten Hau egin daiteke euskaraz! Guri ere horrelako zerbait pasa zitzaigun hura entzutean. Hau egin daiteke! Aita ponteko izan genuen Mixel Labeguerie".