Bilbo. Urtero-urtero antolatzen du Hatsa Elkarteak egunpasa poetikoa Senpereko Larraldea etxean. Aurtengoa, hilaren 18an izango da, aipatu lekuan, baina esangura bereziarekin. Karmele Igartua olerkari zendu berriari egingo zaio omenaldia bertan eta, Bergarako Idazle Eskolak ere parte hartuko du horretan. Badira urteak Bergarako elkarteak Hatsakoekin bat egin eta egunpasa ospatzen duela, horietako askotan Igartua bera ere egonik. Horregatik ere, aurtengo eguneko leloak Aretxabaletako poeta izango du gogoan: Maite ditugun olerkariak, Karmele Igartua bihotzean!

Egitaraua Goizeko 10:00etan hasiko da eguna, Larraldea etxean izango den topaketarekin. Ordu bat geroago, Zugarramurdiko Urbia lepotik Ibainetako mairu baratzera joango dira mendi martxan. Bertan izango da Igartuari egingo dioten omenaldi xumea eta, jarraian, Larraldeara itzuliko dira.

Atzera ere etxean, indarrak berreskuratzeko bazkari-legea egingo dute parte-hartzaileek, 13:30ak inguru. Arratsaldeko 17:00ak izateko hogeita hamar minutu faltako direnean hasiko da Bergarako Idazle Eskolak prestatutako irakurketa poetikoa. Saio honetan euren kide Karmele Igartua izango dute ardatz. Idazle aretxabaletarraren hainbat testu irakurriko dituzte, eurek sortutako lanekin batera.

Irakurketa poetikoarekin bukatuko da egunpasa literarioa baina ez Bergarako eskolak Igartua omentzeko prestatuta dituen ekitaldi guztiak. Udazkenerako Karmele gogoan deituko den jardunaldia prestatzen ari dira, nahiz eta elkarteak ez duen oraindik informazio zehatzik eskaini.

Matrikulatze epea Bergarako Idazle Eskolak antolatutakoen hariari tiraka, elkarteak igorritako informazioaren arabera, zabalik da jada ikasturte berrian parte hartzeko matrikulatze epea. Urriaren 11ra arte egongo da zabalik izen-emate zerrenda eta, ikastaroa, hilaren 23an hasi egingo da.

Idazle eskolan, urritik ekainera arteko larunbatetan, euskal idazle ezagunak dira idazle-gaiei euskaraz zuzen idazten erakusten dietenak, hala nola: Anjel Lertxundi, Pako Aristi, Harkaitz Cano... Matrikula betetzeko beharrezko informazio guztia http://ieskola.asmoz.org atarian aurkitu daiteke.