BAIONA. Euskara atzeraka doa Nafarroa Beherean, gero eta gutxiagok dakielako eta erabiltzen duelako. Egoera hori aldatu nahi dutela adierazi dute bertako erakunde politikoek. Hain zuzen ere, Euskararen Erakunde Publikoarekin batera, Nafarroa Behereko udal guztiak biltzen dituzten herri elkargoen artean egun berezia antolatu dute: igandean Euskararen Eguna izango da Donapaleun. Festaren helburua Nafarroa Beherean euskararenganako atxikimendua bultzatzea eta jendeari euskaraz hitz egiteko aukera eta motibazioa ematea da.
Igandeko festa Donapaleuko sei gunetan zehar banatua izango da, hala nola merkatu estalian, abereen merkatuan, pilota plazan, udaletxean, zinema gelan eta Amikuzeko zabalgunean. Toki bakoitzean mota orotako animazioak izango dira, hala nola tailerrak, informazio gunea, bertsolariak, dantza emanaldiak, kantaldiak, haurren-tzako jolasak, haurren ikuskizunak, antzerkia, zinema, pilota eta abar. Bihar iluntzean, aldiz, Amerikako gazte euskaldunei buruzko film bat aurkeztuko dute.
Euskararen Eguna urte osoko lanaren emaitza dela azaldu dute antolatzaileek. Lehenago Nafarroa Behereko haurren gurasoei informazioa zabaldu diete, euskararen transmisioari buruz. Nafarroa Beherea da Euskal Herriko herrialde euskaldunena, biztanleen bi herenak euskaldunak baitira. Azken urteetan, ordea, transmisioa eten egin da, eta historikoki euskalduna zen herrialdeko haurren eta gazteen artean euskara galdu eta euskaldun proportzioa apaltzen ari da.