Zerbitzari propioetan instalatzeko moduko Kimu euskarazko txatbot berria sortu dute
Eredua arina denez, enpresa eta erakundeen zerbitzarietan eta ordenagailuetan instala daiteke, eta horrek datuen pribatutasuna eta konfidentzialtasuna zaintzeko aukera ematen du
Enpresa eta erakundeen eguneroko lanetan lagungarri izango den Kimu euskarazko txatbot berria garatu du Orai adimen artifizialeko zentroak. Eredua arina denez, enpresa eta erakundeen zerbitzarietan eta ordenagailuetan instala daiteke, eta horrek datuen pribatutasuna eta konfidentzialtasuna zaintzeko aukera ematen du.
Hizkuntza arrunta baliatuz erabiltzaileak euskaraz eskatutako hainbat eginkizun ulertu eta gauzatzeko gai da eredua. "Lanerako hainbat atazatan erabil daiteke, besteak beste, itzulpenak eta laburpenak egiteko, dokumentuen gaineko galderei erantzuteko, informazioa erauzteko, testuak zuzentzeko, egokitzeko", azaldu du Xabier Saralegi Orai zentroko NLP teknologietako arduradunak.
Hala ere, enpresen eta erakundeen beharren arabera, eredua eginkizun zehatzetarako espezializatzeko aukera ere badago, emaitzen kalitatea are gehiago hobetzeko. Orobat, euskararako sortu arren, Kimuk emaitza onak ematen ditu beste hainbat hizkuntzatan ere (gaztelania, ingelesa, italiera).
Kimu ereduaren abantaila nagusietako bat bere tamaina txikia da: 9.000 milioi parametro ditu, eta hizkuntza eredu txikien (SLM, Small Language Models) kategorian kokatzen da LLMen artean. Hizkuntza eredu txiki libreek emaitza lehiakorrak ematen dituzte hizkuntza handietan (gaztelania, ingelesa eta abar); ez, ordea, baliabide urriko hizkuntzen kasuan, hala nola euskaraz erabiltzean.
Hizkuntza txikiek ez dute baliabide nahikorik horrelako ereduak zerotik sortzeko, eta hizkuntzen arteko transferentzia baliatuz euskarazko gaitasunak hizkuntza eredu txikietan txertatzeko ikertzen ari dira Oraiko ikertzaileak, besteak beste.
ChatGPT, DeepSeek, Claude eta bestelako LLMen aldean, SLM ereduek, txikiagoak izan arren, kalitate lehiakorra eskaintzen dute batez ere behar berezietarako egokitzen direnean, eta hainbat abantaila nabarmen dituzte: arinagoak eta azkarragoak dira, eta baliabide eta energia gutxiago behar dituzte. Kimu ereduaren gaitasun eta potentziala erakusteko asmoz, Beta webgune bat sortu du Oraik. Bertan, Kimu ereduarekin probak egiteko aukera izango dute erabiltzaileek, eta sarbidea gonbidapen bidez eskuratu ahal izango da oraingoz.