Urte amaiera hurbilduz doan garai honetan, oso ohikoa da jendeak gabonetako sopakizunetarako erosketa asko egitea. Kontuan izanda aurtengo egoera dela eta negozio txiki asko egoera delikatua bizitzen ari direna, Zamudioko Udalak kontsumo kanpaina berri bat martxan jarri du 6.000 bonu aterata herriko establezimenduetan erabiltzeko; 3.000 ostalaritzarako eta beste 3.000 merkataritza eta zerbitzuetarako. Jada, herriko 16 urtetik gorako biztanleriak txarteltxoak eskura ditzake Udalaren web-gunearen edo ADI Zamudio aplikazioaren bitartez abenduaren 20a baino lehen, pertsona bakoi-tzeko bi bono eskuratu ahal izanda gehienez. Inork hauek lortzeko arazorik izanez gero, udaletxera hurbildu daiteke gaur edo bihar goizeko 8:30etatik 13:30etara edo arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara. Guztira, 20 euroko salneurria daukate bonuek eta 35 euroko balia izango dute, horrenbestez, Udalak apostu nabarmena egingo du herriko barne-ekonomia bultzatzeko. Txarteltxoak abenduaren 26a eta martxoaren 31a bitartean egongo dira erabilgarri eta, orotara, 44 establezimendu zamudioztarrek hartuko dute parte ekimen honetan, 16 ostalaritza lokal eta 28 merkataritza eta zerbitzu saltoki izanda. Horrenbestez, oso aukera ona dauka Zamudioko biztanleriak herriko establezimenduetan deskontu nabarmenak izateko eta, bestalde, hauetan eskaintzen dituzten kalitatezko produktuak eskuratzeko eta tratu hurbila jasotzeko aukera. Gainera, herriko ekonomiari bultzada nabrmen bat emanda.