Nahiz eta azken orduetan jendea osasun-agintaritzatik emandako argibideen inguruan zalantzak ebazten ari den, badaude covid-19 birusak eragindako izurritearen garapenaren inguruko berri onak, kasu honetan abeltzaintza eta nekazaritzaren munduarekin lotutako berriak. Atzo, zortzi hilabeteren ostean, Mungiako ferialekuak herriko ganadu feria jaso zuen. Otsailaren 23an ospatu zen azoka herrikoi honen azkenengo edizioa, izan ere, izurritea hedatzen hasi zen einean eta hartu beharreko segurtasun neurria zela eta hau bertan behera uztea erabaki zuen Udalak. Zorionez, Mungialdeko eta Bizkaiako txoko desberdinetako nekazari eta abeltzainek urteko plaza garrantzi-tsuenetakoa berreskuratzeko aukera izan zuten. Nahiz eta eskualde ghienetan azokak antolatzen diren, Mungiakoa lurralde historikoko bakarra da hilabetero ospatzen dena modu iraunkorrean, hile bakoitzeko hirugarren domekan. Horregatik, atzo ferialekuan elkartu ziren baserritarren musukoen azpian irribarre handiak antzeman zitezkeen.

Kontuan izanda gaur egungo osasun-egoera delikatua, segurtasun neurrien presentzia oso nabarmena izan zen. Baserritar, bisitari eta bezeroek euren musukoa uneoro erabili zituzten eta, beste alde batetik, azokako gune desberdinetan desinfektatze gela zegoen. Gainera, ganadua kokatutako zonalde estalian, bertaratutako pertsonek hartu beharreko noranzkoa adierazten zuten geziak zoruan irudikatuta zeuden. Dena kutsaketa arriskuak ahalik eta gehien murrizteko.

Asko izan ziren euren idi, behi eta astoak erakutsi zituzten baserritarrak, esate baterako Arbide anaiak. Goizean goiz Laudiotik kamioia hartu eta Mungiarako bidea hartu zuten familiako tradizioari jarraipena emanda. "Betidanik gure aita eta aitite hona etorri izan dira gure abereak erakutsi eta saltzera, horregatik anaiak eta biok euren bidea jarraitu dugu", aitortu zuen José Marik, anaia bietan nagusiak. Gainera, bezero eta saltzaileen arteko harremana zortzi hilabeteren buruan berreskuratzeak oso poz handia eragin zion familia abeltzain honi, izan ere, hainbat dira Mungialdean dituzten bezero finkoak. Hala ere, Bizkaia eta Araba inguruko beste azoka askotan ohikoa da euren idiak ikustea, bi probintzien arteko mugado landetan hazitako animalia bikaina.

Txakurren zaleentzako ere topagune bikaina izan zen atzokoa. Bertan, Biziberri Bizkaia elkarteko kideak izan ziren jabe bila dabiltzan txakurrak erakusten, kasu honetan, Quincocan zentroan daudenak. "Oso ondo datorkigu Mungiako azoka bezalakoak irekitzea, izan ere, gaur egun abereekin dauden arazoei erakusgarritasuna emateko aukera bikaina dira honelakoak. Tamalez, eta nahiz eta jende askok txakurrak adoptatzen dituen, oraindik ere asko dira utzita geratzen direnak, abandonatuak, eta feria hauetan jende asko izaten denez, gure zentrokoak erakusteko aukera bikaina dira", azaldu zuten gaur egun 100 txakur inguru dituen zentroko kideek.

Honelakoetan ohikoa denez, hainbat izan ziren egun eguzkitsua aprobetxatuta ferialekura hurbildu ziren Mungialdeko familiak. Bertan, lehen mailako produktuak eskuratzeko aukera bikaina topatu zuten askok eta, gainera, etxeko txikienek bertoko animaliak ikusi ahal izan zituzten. Malen haurtxo mungiarraren kasuan, oso zirraragarria izan zen azoka. Bere familiaren arabera, etxean beti dabil behi formako jostailuekin jolasten eta behiekin lotura daukaten marrazki bizidunak eta gainontzeko ikusentzunezkoak ikusten, hortaz, oso berezia izan zen berarentzako. Bere antzera, Ekin-tza, Naiara eta Aiora ere Mungiako ferialekura hurbildu ziren domekako goiz eguzkitsua gozatzeko.

Ager Izagirre, Mungiako alkatea, ere bertan izan zen, ganadu azokan izan ziren produktu bikainak eskuratzeko. Bere aburuz, nahiko lasai hasi zen goizeko jardunaldia, baina eguerdia hurbiltzen zioan einean gero eta mungiar gehiago heltzen joan ziren baserritarrek osatutako ekimenera.

Herriko nortasuna

Baserritar munduak, nekazaritzak, abeltzain-tzak eta bestelako aspektu askok oso lotura estua izan du historikoki Mungiako kulturarekin. Kontuan izanda Bizkaiko erdialdian kokatutako herri bat dela, antzinan animaliek eta lurrak ematen zuena zen bertoko familien mahaia betetzen zuten jakien jatorria. Ortu zein ukuilua ziren etxeko sostengua eta horregatik oraindik ere oso garrantzi handia dauka sektore honek bertako jendearentzako. Herriko ospakizunetan oso ohikoa da mundu baserritarrarekin lotutako ekintzak izatea, batez ere San Antontxu eguneko azokan edota Lore Jokoetan. Egun hauetan, herriko kaleak denboran atzerako bidai bat egiten dute eta postutxos josita egoten da herriko erdigunea. Beste alde batetik, San Pedro jaietako lehenengo domekan Baserritar Eguna ospatzen da eta, bertan ere, eskualdeko produktu onenak eskuratzeko aukera egoten da. Martin Olazarrek bere Mungia eta Mungiarrak lanean idatzi zuenez, "baserritarrentzat beharrezkoa dena, baserrian", bertan landutako produktu eta emarien garrantzia azpimarratuta.