- Azken hilabeteetan euskal gizartea bizitzen ari den ezohiko osasun-egoerak ondorio asko ekarri ditu arlo desberdinetan eta, kontuan izanik bi hilabetetan zehar berrogeialdia izan dela, etxetik ateratzearen debekua, aspektu ekonomikoa oso modu bortitzean astindu du covid-19 birusak. Bizkaiako herrietako negozio txikiak oso une gogorra bizitzen ari dira luzaroan euren aktibitatea bertan behera utzi behar izateagatik eta, honen aurrean, zenbait erakunde eta entitatek ekonomia berraktibatzeko ekimen desberdinak proposatu dituzte eta, gainera, plataforma herrikoi ugarik ere elkartasun eta solidaritate proiektuak martxan jarri dituzte. Mungiako Udalaren kasuan, Mungia Indartuz kanpaina izaten ari da deskonfinamendu honetako tokiko ekonomiako bultzada handiaren eragilea. Pasaden hilabetean, bonu kanpaina bat plazaratatu zuten, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduetan gastatzeko 20 euroko balioa zeukan txarteltxo sortak banatuta Mungiako etxebizitza guztietan. Gainera, Sukalki Eguneko eta Kolorez Jantzita argizaki lehiaketatan ere 100 euroko hamar bonu banatu ziren, guztira 2.600 euroko bultzada suposatuta.

Oraingoan, proiektu interesgarri honen bigarren fasea martxan jarri da; diru-laguntza zuzenen fasea. Gaurtik aurrera, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu negozioak dituztenek subentzio hauen onurak eskuratzeko eskaria egiteko epea zabalik dago, abuztuaren 6a, eguena, ailegatu arte. Hiru arlo desberdinetan banatuko dira plangintza honetako ekintzak. Hasteko, negozioen funtzionamendua martxan jartzeko laguntza izango da. Beste alde batetik, birusari aurre egiteko babes-neurriak hartu ahal izateko asistentzia eta, amaitzeko, egokitzapen teknologikorako laguntza. Guztira, 240.350 euroko aurrekontua izango du laguntza ekonomikoen proiektu honek; 95.250 euro herriko merkataritza lokal txikientzako, 71.000 ostalaritzara zuzenduta eta, amaitzeko, 74.000 zerbitzuen sektorea bultzatzeko. Orokorrean, 600 euroko laguntza zuzena jaso ahal izango dute taberna, jatetxe edo edozein motatako dendak dituzten mungiarrek eta, gainera, langileak kontratatuta dituztenek 300 euroko gehigarria eskuratu ahal izango dute, utxiengo baldintza batzuk bete ezkero. Bestalde, zerbitzu establezimenduak dituztenek 500 euroko laguntzak jaso ahalko dituzte. Horrenbestez, oso aukera ona daukate mungiarrek euren negozioen egoera ekonomikoa hobetzeko.