BILBO. Sopelak beste urte batez Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ondarearen Europako Jardunaldien edizio berri bat ospatuko du. Jardunaldietan ateak irekita daude eta, aparteko kasuetan eta egun jakin batzuetan baino ez, jendeari aukera ematen zaio bere ondarea eta historiarekin zerikusia duten bitarteko eta baliabide batzuetara iristeko eta horiek ezagutzeko. “Ondarea plazara! Gure kultur ondarea, plazara” lelopean Sopelako Udalak bat egingo du ekimenarekin eta okasiorako hurrengo larunbatean, urriak 19, ospatuko den “Soroak bedeinkatzen, ekaitzei oles egiten” antzerki erako ibilbide gidatua antolatu du.

Antzina, Maiatzaren Gurutzearen egunean, Sopelako umeak eta nagusi batzuk parrokoarekin joan ohi ziren Munarriraino, letaniak abesten, argizarizko gurutzeak zeramatzatela. Handik, apaizak Sopelako soroak bedeinkatzen zituen eta, aldi berean, umeek Munarriaren zuloguneetan gurutzeak sartzen zituzten. J. M. González Cembellínen eskutik, prozesio bera egingo da, hots, Kristautasunaren aurreko kultuetara garamatzan erritua, trumoi eta ekaitzen kontrako konjuruak egiteko goragunetako aldaretara igotzen zenean.