LAUDIO. Laudioko Udalak datorren hilabetean abiaraziko ditu berriro koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta bertan behera utzi behar izan zituen udal ikastaro eta tailerrak. Hala, apirilaren 12tik aurrera, laudioarrek ekimen hauetaz gozatu ahal izango dute. Hori bai, martxan jarri ahal izateko, gutxienez sei pertsonak eman behar dute izena, eta taldeko gehieneko parte-hartzaile kopurua inoiz ez da hamabi pertsonatik gorakoa izango.

Maite Cortazar Kultura zinegotziak jakinarazi duenez, "Izena emateko eskaerak datorren astelehenetik aurrera egin ahal izango dira, martxoaren 15etik aurrera, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ), udaletxeko beheko solairuan, edo egoitza elektronikoaren bidez, udaletxera joan beharrik gabe. Izena emateko azken eguna martxoaren 25a izango da".

Plaza baino eskabide gehiago egonez gero, zozketa publikoa egingo da Kultur Etxean, martxoaren 26an, 18:00etan. Martxoaren 30ean, onartuen zerrendak jarriko dira udaletxean eta Kultur Etxean, eta izen-ematea formalizatzeko, matrikula ordaindu beharko da behean adierazitako banku-kontuetako batean, ikastaroaren kodea (Kod.) edo izena eta parte-hartzailearen izena adierazita. Ordainketa apirilaren 7a baino lehen egin beharko da banku laguntzaileen bidez: Laboral Kutxa eta Caja Vital.

Ikastaroen matrikularen zenbatekoa, zerbitzuak emateagatiko edo udal-jarduerak egiteagatiko prezio publikoak arautzen dituen ordenantzaren arabera, ikastaroaren iraupen-ordu kopuruaren eta parte-hartzaileen adinaren araberakoa izango da.

"Osasun eta antolaketa arloko eskakizunak direla eta, Udalak aldaketak egiteko aukera izango du, bai tailerren kokapenean, bai ikastaroak martxan jartzeko datetan, eta, beharrezkoa izanez gero, matrikula osoa edo haren zati bat itzuliko du", adierazi du zinegotziak.

COVID-19AREN AURKAKO NEURRIAK

Nahiz eta osasun-egoerak bilakaera positiboa izan duen azken asteetan, indarrean dagoen larrialdi-egoera dela eta, ezohiko neurriak hartuko dira tailer guztietan, guztien segurtasuna bermatzeko. Horretarako, Cortazarrek azaldu duenez, "Parte-hartzaile bakoitzak ikasgelan izendatutako leku bat izango du, eta bertatik soilik joan ahal izango da aretotik irteteko, une oro pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izango da, eta uneoro maskara erabili beharko da, pertsonen arteko distantzia edozein dela ere.

Era berean, ikasgelara sartzeko, pertsona guztiek esku-higienea egingo dute. Disoluzio hidroalkoholikoekin garbituz eta tenperatura kontrolatuz. Bestalde, "Jarduerak irauten duen bitartean, lokaleko leihoak irekita egongo dira ahal den denbora guztian, eta beti, gutxienez, bost minutuz ordu bakoitzean, eta Kobidarekin bateragarriak diren sintomak (sukarra, eztula, eztarriko mina, konjuntibitisa, goragalea, beherakoa, etab.) izan dituen edo agertzen dituen edozein pertsonak jarduera aldi baterako utzi beharko du eta bere osasun-zentroari jakinarazi beharko dio", zehaztu du Kultura zinegotziak.

Era berean, parte-hartzaile bakoitzak egunero eramango du jarduera egiteko behar den material guztia, baina ezin izango da inoiz partekatu, eta ikastaroan izena eman ez duen inor ezin izango da eraikinean sartu ikasleei laguntzeko. "Zuraren tailerreko ikastaroaren kasuan, Gardeako Kultura Zentroaren instalazioetan egingo da, sormenezko idazketaren ikastaroa, bestalde, kultur etxeko etxe nagusian egingo da, eta gainerakoa Zubiko eraikinean", amaitu du Maite Cortazarrek, laudioarrak kultur tailerretan modu seguruan matrikulatzera eta parte hartzera animatuz.