URDUÑA. Konfinamendu garaia gogorra egiten da edozein pertsonarentzat, baina batez ere umeentzat. Euren askatasuna zeharo moztuta geratu da, eta egunak luzeak egiten dira etxean. Hori dela eta, Urduñako Udalak "Etxean gaude, baina laister€ kalean" izeneko marrazki lehiaketa abiarazi zuen. Parte hartzeko epea zabalik dago jada, eta apirilaren 26ra arte luzatu da. Horretan, 2015 eta 2018 artean zein 2010 eta 2011 artean jaiotako gazteak lehiatuko dira.

Parte hartzeko, marrazkiaren argazki bat bidali beharra dago etxeangaude@urduna.com helbidera. Mezuaren gorputzean honako datuak adierazi behar dituzte umeek: aitaren/amaren edo tutorearen izen-abizenak, adina, posta-helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa.

Egile bakoitzak obra bat aurkeztu ahal izango du gehienez. Formatua librea eta teknikak kolore-mugarik gabekoak dira, baina gaia ondorengoa da: "Etxean gaude, baina laister... kalean".

Marrazkietan "Urduñan etxean gaude" leloa agertu beharko da. Lelo hori agertzen ez bada, kartela baliogabetzat joko da eta ez da lehiaketan sartuko.

SARIAK

Kategoria bakoitzeko bi sari daude: lehenengo saria 4 lagunentzako bazkaria da udalerriko jatetxe batean bi kategorietan; bigarrena, 50 euro balio duen tokiko produktuen saskia.

Epaimahaiak lehiaketako sariak hutsik uzteko eskubidea izango du eta honen erabakia apelaezina izango da. Lehiaketara aurkezteak oinarriak erabat onartzea dakar.

Lehiaketatik kanpo geratu ahal izango dira, epaimahai kalifikatzailearen iritziz, genero-arrazoiengatik iraingarriak, gizakiarentzako iraingarriak, lizunak edo indarkeria susta dezaketen irudiak, besteak beste.