80 urte baino gehiago pasatu dira Gerra Zibila amaitu zenetik. Hala ere, orduko sarraskiak eragindako minaren hainbat testigu dira oraindik Euskal Herrian eta Estatu osoan. Urte luzeetan eman zen diktadurak bere arrastoak gordin lagata, gero eta nabariagoak dira azken urteetan euskal artista gazteek egindako aportazioa, memoria hori gal ez daiten. Hausnaeketarako gonbitea eginda, Gernika-Lumoko Bakearen Museoak atzo ireki zituen Desegindako oroitzapenaren aurrean: memoria eta Gerra Zibila , apirilaren 20ra bitartean ikusgai izango dena.

MemoriArtean egitamoaren lehen uzta da berau. Egitasmoa 2022 urtean hasi "eta hurrengo urteetan UPV/EHUko MHLI ikertaldeak (Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan) eta Gernikako Bakearen Museoak elkarrekin burutuko duten proiektua da". Eta lehen erakusketa bat jarri dute martxan, zazpi artelanez jositakoa, parte hartzen duten artistek "urte askotako isiltasuna apurtu eta Gerra Zibilaren gaia aukeratu dute lanerako".

Artelanen abiapuntua ezberdina da kasu bakoitzean: "batzuek gerran gertatutakoaren gaineko hausnarketa egin nahi izan dute, beste batzuek gerrak utzitako aztarnak, luzaroan ezkutuan egon direnak, erakutsi nahi izan dituzte". Bakearen Museotik gaineratu dutenaren arabera, "edonola ere, guztiek aldarrikatzen dituzte memoria ariketak gure orainaldia hobeto ulertzeko". Hala, izenburuak dioen moduan, "desegindako oroitzapenak berriz harilkatzeko moduak proposatzen dizkigute artistek, gerrako gertakizun latzek utzitako zauriak osatzeko modua izan daitezkeelakoan. Memoria nola gorde, horixe da artisten kezka nagusia".

Atzokoan presente izan ziren museoko arduradunak eta baita EHUko Memoria Historikoa Literatura Iberarretan ikerketa taldeko partaideak. Erakundearen arduradun den Mari Jose Olaziregik lankidetzaren abantailak izan zituen hizpide, non eta Gernika-Lumon, leku hain sinbolikoan. 13 kidez osatuta eta "talde oso aktiboa" eratuta, arteak "gatazka eta traumak eralda-tzeko" duen erabilpenaz jardun zen. Azken urteetan "200 bat artikulu" kaleratu dituztela esan zuen Olaziregik. Ostean erakusketa bera bisitatzeko aukera izan zen, MHLI taldeko Ismael Manterola eta Miguel Rivasen eskutik, baita Miriam Isasi artistaren eskutik.

Manterolaren esanetan, "azken belaunaldietara arte, ez da 36ko gerrari buruzko erakusketa askorik jorratu Euskal Herrian". Diktadurapean bizita edota askatasun garaia helduta, asko jorratu ez den gaia izan da. "Ez da oso ohikoa izan gerra zibila aztertzea eta lantzea. Gabezia hori, isiltasun hori, beste esparru batzuetan ere egon da, ez horrenbeste literaturan, baina bai arte plastikoetan". Eta horri eutsita montatu dute erakusketa, zazpi lanez osatutakoa eta apirilaren 20ra arte ikusgai dena. Bazegoen "horretarako beharra", gaineratu zuen Rivasek.

"Artelanen abiapuntua ezberdina da kasu bakoitzean: batzuek gerran gertatutakoaren gaineko hausnarketa egin nahi izan dute, beste batzuek gerrak utzitako aztarnak, luzaroan ezkutuan egon direnak, erakutsi nahi izan dituzte", diote Gernika-Lumoko Bakearen Museotik. "Edonola ere, guztiek aldarrikatzen dituzte memoria ariketak gure orainaldia hobeto ulertzeko". Hala, ikusgai dira sei euskal artisten lanak eta Art Al Quadrat bikote valentziarrak egindako sormenak. Miriam Isasi artista atzokoan bertan izan zen eta bere lanaren nondik norakoak esplikatu zituen. "Lur azpitik berreskuratutako metraila zatiekine egindako ferra da, zaldi bati jartzen zaiona". Isasiz gain, Iratxe Jaio eta Klass Van Gorkumen litografiak edota Oihane Iraguenen performance bat ikus daitezke. Edota memoria gordetzeko Taxio Artanaz eta Amaia Molineten lanak ere. Lehenak fusilatutako bederatzi pertsonari egiten die omenaldi, bigarrenak Lodosan (Nafarroa) fusilatutako 133 fusilatuen omenezko lore zirkulua erakusten du.

Erakusketa

MemoriArte. Ekimena 2022 urtean hasi eta hurrengo urteetan UPV/EHUko MHLI ikertaldeak (Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan) eta Gernikako Bakearen Museoak elkarrekin burutuko duten proiektua da.

Apirilaren 20ra arte. 'Desegindako oroitzapenaren aurrean: Memoria eta Gerra Zibila' du izenburu Bakearen Museoan ireki berri duten aldi baterako erakusketa. Apirilaren 20ra arte izango da zabalik.

Artistak

7 lanez

Erakusketa zazpi lanek osatzen dute, Euskadiko artistek -Miriam Isasi, Amaia Molinet, Taxio Ardanaz, Iratxe Jaio eta Klass Van Gorkum...- eta Valentziako bikote batek -Art al Quadrat izenekoa- egindakoak.