Bizilagunen ongizate bermatzea da Lea-Artibaiko Amankomunazgoaren zeregin nagusienetakoa. Eta iazkoari begiratuta, lan eskerga egin behar izan zuten erakunde publikoko langileek. Udalerri bakoitzean kokatutako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak (OGZ), orotara 1.680 pertsona artatu zituen, eta 443.200 euro bideratu ziren gizarte larrialdietara. Eskualdeko erakundearen txostenean nabarmentzen duen moduan, “herritarren gizarte larrialdi premiak gora doaz”. Onuradunen kopuruak ere altuagoa izan da: 343 izan dira, zehazki. “Pandemia egoeraren eragina nabarmena izan da, familia askoren oinarrizko beharrizanak azaleratuz”, laburbildu dutenez.Populazioaren eraginez, Ondarroan, Lekeition eta Markina-Xemeinen izan dira onuradun gehienak: 125, 96 eta 80 onuradun, hurrenez hurren. Hala ere, Amankomunazgoko gizarte zerbitzuak beste hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: menpekotasun eskaerak, etxez-etxeko zerbitzua, arlo psikosozialean eskuhartzea, zaintzaileen laguntza, etxeko indarkeriaren biktima diren emakumeen harrera... Izan ere, gero eta gehiago dira erakundeak bere gain hartzen dituen kontuak. Menpekotasun eskaerei dagokienez, “138 menpekotasun balorazio eskaera berri luzatu ziren 2020. urtean zehar. Azken 14 urte hauetan esan ahal dugu 3.074 eskaera berri egin direla BFAra Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik”.

Gizarte eta hezkuntza arloetan egin ziren eskuhartzeei erreparatuta, “51 familiekin esku hartu izan dute gizarte langileek eta familia hezitzaileek; horietatik, guztira 62 adingabe eta 76 gurasorekin zuzenean lan egin da. Arlo psikosozialean, gizarte langileek eta psikologoak, 35 familietan esku hartu izan dute, guztira adingabe eta gazteak 36 eta helduak 56”, dio Amankomunazgoaren txostenak. Bestetik, adikzioen prebentzio maila -gazteen artean egiten dena- 1.414 izan ziren gazte parte-hartzaileak.

Harrera zerbitzuei dagokienez, etxeko indarkeriaren biktima diren emakumeentzako ostatuak bi eskaera izan zituen; eta tutoretzapeko etxebizitza bazterkeria egoeran dauden hiru persona artatu zutuzten. Gaineratutakoaren arabera, “Lea Artibai Amankomunazgo mailan, Lea Artibai ikastetxearekin 2020ko apirilean hitzartu genuen zerbitzua ematea bertan, bi gela ditugu beraz ostatu zerbitzu honetarako. Azkenik, familiei aholkularitza juridikoaren arloan, iazkoan 194 pertsona pasatu dira bertatik; “hauetariko 163 pertsona estrainekoz etorri izan dira, hau da, egoera berriak izan dira. Sexuka, 194 pertsonetatik, 50 gizonei eman zaie arreta, eta 144 emakumeei”. Familia eta sexu-indarkeria kasuen aurrean egindakoei dagokionez, arreta psikologikoa “69 pertsonek jaso dute, horietatik 38 pertsona lehenengo aldiz”.