Arratzuko Udalak www.turismoarratzu.eus web orri turistiko berria zabaldu du, Busturialdeko herri txikiek azkenaldian hartu duten promozio kanpainaren baitan. Zeren Gernika-Lumo edo Bermeo moduko tamainako udalerriez gain, gero eta gehiago dira eskualdeko herri txikiak euren irudia mundu zabalera islatu nahi dutenak. Arratzuren kasuan, gainera, bere "garapen turistiko iraunkorreko estrategiaren barruan" eta ongi jakinik zeintzuk diren herriaren gozagarriak: "Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean, eta bere ondare arkeologikoa, historikoa eta kulturala berreskuratu eta balioestea" nahi dute, tartean Done Jakue bideak edota " Arratzuko seme kuttuna den Manu Leguineche kazetari eta idazleak" tokia dutelarik.

"Arratzun asko baloratzen dugu geure ondarea, eta berreskuratzeko eta kontserbatzeko lan egiten dugu. Udalan baliabideak bilatzen ditugu herriari bizia emateko, herriko ekonomia sortzeko, gure ondareari balioa emango dion turismoa lortzeko, gure garapen-estrategiaren indarguneetako bat bihurtuz. Arratzuren potentzialaz konbentziduta gaude, Urdaibaiko gune turistikoetako bat izateko baliabideak eta kokapen bikaina ditugu", nabarmendu du Josu Sabin Olano Arratzuko alkateak. Eta bisitariak beharrezko informazioa jasoko du berriki irekitako webgunean. Bertan "bisitari digitalek herriak eskaintzen dituen zerbitzu eta ondare- eta natura-baliabide guztiak aurki daitezke. Web atari barriak Arratzuko auzoak ezagutzeko aukera emoten du, hala nola Belendiz-Zabala, dorre-banderizo baten gainean eraikitako baserriekin; Arrolako oppiduma bezalako aztarnategi arkeologikoak, bigarren Burdin Arokoa, eta Arrolagune, bere Interpretazio Zentroa; hainbeste argazkietan agertzen den Artzubiko zubi ederra, baso-inguruneagaz mimetizatua, ingurumen-balio handikoa; Santo Tomas eliza, gurtza leku moduan eta Santiagorako erromesei aterpe emoteko eraiki zena; edo Artzubiko harestia, basogune bitxia eta benetako santutegia Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren testuinguruan". Webguneak Arratzun dagoen eskaintza gastronomikoa ere nabarmentzen du, "bertako tabernekaz. Herriko Tabernak etxeko janari bikaina eskaintzen dau, bertako ekoizleen lehengaiekaz egina", Udaletik azaldutakoaren arabera.

"Turismo aktiboa ere Arratzuko eskaintzaren parte dela" iritzita, mugikortasun iraunkorrean aitzindari den herriak bere "bidegorrien sare zabalaz eta kultura eta natura-bisita gidatuez, edo bertako mendi-bidez, landa-bideez, ibilbide osasungarriez eta Arratzuko landatasunean murgiltzen zaituen ibilbideez gozatzeko gonbita egiten diete bisitariei, oinez edo bizikletaz. Web turistikoan Manu Leguineche nabarmendu duteogu bereziki. "Geuretzat, herri baten ondarerik handiena bizilagunak dira, eta horregatik dugu seme kutuna kazetari, idazle eta pertsona handia izan zen Manu Leguineche, beti Arratzu gogoan izan ebanamundu osoan zehar bidaiatzen zuenean ere", dio Olano alkateak. Atari berria "euskaraz eta gaztelaniaz dago eskuragarri, nabigatzeko erraza da eta gailu desberdinetara egokitzen da".

Laburrean

Webgunea. Arratzuko Udalak www.turismoarratzu.eus web orri turistiko berria zabaldu du, Busturialdeko herri txikiek azkenaldian hartu duten promozio kanpainaren baitan.

Erraza. Atari berria "euskaraz eta gaztelaniaz dago eskuragarri, nabigatzeko erraza da eta gailu desberdinetara egokitzen da".

Baliabide turistikoak. Eta, nola ez, www.turismoarratzu.eus webgunean nabigatzean "Busturialdea-Urdaibai eskualdeko baliabide turistiko nabarmenenak ere ezagutzeko aukera dago, azken batean, bisitari digitalek esperientzia atsegina izango dute. Herria in situ ezagutzeko eta gozatzeko gonbidapena da webgune berria".

Potentziala. "Arratzun asko baloratzen dugu geure ondarea, eta berreskuratzeko eta kontserbatzeko lan egiten dugu. Udalan baliabideak bilatzen ditugu herriari bizia emateko. Arratzuren potentzialaz konbentziduta gaude", dio Josu Sabin Olano alkateak.