- Iazkoan jarri zuten abian, lehenengoz. Eta esperientzia positiboa izan zela ematen du, egitasmoa errepikatzea adotus dutelako. Bermeok bigarrenez antolatu du Tuna Pintxo Tour ekimena, 21 establezimenduren atxikimenduarekin, abuztuaren amaierarar arte. Hegaluzea protagonista izango da udan zehar, tabernetan bisitari eta bermeotarrek topatu ahal izango dituzten pintxo gozoekin. Lehiaketa izango da bai negozioen artean eta baita ibilbidea egiten dutenen artean.

"Bermeo Tuna Pintxo Touren bidez, atunari edo hegaluzeari, behar duen balioa ematen zaio, bere arrantzuan jasangarritasunaren baldintzak bete direla ziurtatuz eta era berean, Bermeo atunaren hiriburu gisa posizionatuz", Kepa Zumeta zinegotziak azaldu zuenez. Izan ere, zerbaitegatik da hegaluzearen munduko hiriburu Bermeo. "Udalerriko iraganaren, orainaren eta etorkizunaren parte" dela nabarmendu zuen Udaleko arduradunak,

Eskaintza gastronomiko berezia du Bermeok, ezbairik gabe, hegalabur eta hegaluzeak herriaren ekonomian -arrantza-itsasontziak, kontserberak, dendak, tabernak...- duen eragin garrantzitsuaz aparte. Eta baita pintxo ibilbidea ere, gaurtik eta abuztuaren 29ra bitartean. "Kontserban, freskoa, keztatuta... herriko ostalariek beraien proposamen berezia eskainiko dute egunero gutxienez 12.00etatik 14:00ak aldera. Proposamen tradizionaletik abangoardiara, hegalaburra eta hegaluzea modu anitzetan prestatuta aurkituko dituzte bezeroek", jakinarazi zuenez.

Aurtengoan gainera, pintxoak bereziagoak izango dira. Ohiko kalitateaz gain, udalerriko hamar ostalarik prestakuntza-programa baten parte hartu zuten Artxandako Bilboko Ostalaritza Eskolan orain duela zenbait aste, "atunari lotutako esperientzia gastronomikoan erreferente izateko eta era berean teknika aurreratu berrietan trebatzeko. Atunaren eskaintza gastronomiko berritzaile eta nortasun-sortzailea bilatu asmoz aritu dira buru-belarri eta lehiaketan ikasketa horietan barneratutakoa plazaratuko dute". Eta egindako ikastaroa "udan dastatu ahal izango diren pintxoetan erakusgai" izango dela nabarmendu zuen Zumetak.

Lehiaketan parte hartzea "oso erraza" dela gaineratu du Zumeta zinegotziak, bermeotarrek eta udalerrira hurbiltzen diren bisitariek parte hartu ahal izango dutelarik. "Turismo bulego zein ostatuetan, bezeroek, liburuxka bat izango dute eskuragarri, bertan, dastatzen dituzten pintxoak ordenatu beharko dituzte 1etik 6ra". Liburuxkak mapa baten ezarri ditu parte hartzen duten establezimenduak, baita pintxo bakoitzaren irudia eta lehiaketaren oinarriak ere. "Dastatutako pintxo bakoitzarekin zigilu bat banatuko zaie eta sei dituztenean Turismo Bulegora eraman beharko dituzte abuztuaren 30a baino lehen. Bermeo Tuna World Capitalen eskutik Bermeoko enpresen hiru produktu-sortaren zozketan sartuko dira". Pintxorik onenek ere saria izango dute, zeren 1.000 euro banatuko dituzte hiru sormen-gastronomiko hautatuenek. "Herriko kontserba-enpresetan gastatu beharko dute ostalariek", gainartu du.